Elcoro Decoletaje: "Langileen gehiengoaren konfiantza dugu eta jarraituko dugu gauzak ahalik eta ondoen egiten"

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko uztailaren 13a

Beharginak lanean Elcoro Decoletaje enpresaren Pagatzako plantan.

Elgetako Elcoro Decoletaje enpresako zuzendaritzak gogor erantzun die langile talde batek hilaren 2an egindako protesta ekitaldian egindako adierazpenei. Azaldu du ez dela "diskriminaziorik" egon eta gaur gaurkoz ordainduta daudela atzeratuta zeuden Geroa kuotak.

"LABek idazki bat jarri zuen iragarki-taulan, non esaten zuen Elcorok ez dituela legeak ezartzen dituen gutxienekoak betetzen eta langileen eskubideak ukatzen dituela", azaldu dute zuzendaritzatik. "Hori ez da egia. Elcoron Langileen Estatutua, Hitzarmen Probintziala eta onartutako azken enpresa-ituna (2008-2010) betetzen ditugu (…) Idatzi horretan esaten den egia bakarra da Geroaren kuotak atzeratuta dauzkagula eta prentsan argitaratutako artikuluan adierazten da ordaintzeari utzi egin diogula. Hori ere ez da egia; izan ere, atzerapenarekin bada ere ordaintzen ari gara. Atzerapena iraganean izandako diruzaintza zailtasunek eragin dute".

Enpresako zuzendaritzatik gehitu dute testuinguru horretan zuzendaritzak hainbat bilera egin dituela langileen batzordearekin "egoera ekonomikoaren berri zehaztasunez emateko". Gehiago diote: "Gardentasun-ariketa horretan langile guztiekin ere egin ditugu batzarrak egoera zein den azaltzeko eta ordainketak eguneratu aldera hartzen ari ginen neurrien berri emateko. Geroarekin ere harremana mantentzen dugu eta gure egoeraren jakitun dira. Haientzat ez da ideala, baina ohartzen dira eta ez gaituzte estutzen (…) Gaur gaurkoz esan dezakegu aparteko finantzaketa lortu dugula eta ordainduta daudela Geroaren kuotak, baina ez antolatu duten zirku honengatik baizik eta egindako lanaren ondorioz ordainketa horiek egiteko likidezia lortu dugulako".

50 euroko ordainketak

Langileek "diskriminazioa" adierazi dute 50 euroko ordainketa berezi batzuk direla-eta. "50 euroko ordainketa hori eskaini genuen ez hertsapen gisa –salaketen ondoren ordaindu zen, ez aurretik– baizik eta kudeaketan lagundu zigutenendako konpentsazio gisa. Hertsapena edo eroskeria dago eskaintza lehenago egiten bada eta salaketa ez jartzeko egiten bada”.

"Langileen gehiengoaren konfiantza dugu"

Elcoro Decoletaje enpresako zuzendaritzatik adierazi dute gertaera honek min egin diela. "Publizitate negatiboa eragin digu, baina ikusi dugu, baita ere, langileen gehiengoaren konfiantza dugula. 54 langile ditugu eta 13 irten ziren protestara. Hori horrela, guk jarraituko dugu gauzak ahal eta dakigun ondoen egiten, globalizazio egoera nahasi honetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak