Elcoro Decoletajeko langileen mobilizazioa enpresak "Geroa kuotak ordaintzeari utzi diolako" eta "ekintza diskriminatzaileak" egiten dituelako

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko uztailaren 2a

Langile taldea egueneko elkarretaratzean.

Batzordeak deituta, Elgetako Elcoro Decoletaje enpresako langile talde batek elkarretaratzea egin zuen eguenean, uztailak 2, Pagatza industrialdeko lantoki atarian. Salatzen dute enpresak ez dituela pentsio-funtserako Geroa ekarpenak ordaintzen eta salaketa ipini duten langileak diskriminatzen dituela. Enpresako zuzendaritzatik ez dute adierazpenik egin, oraingoz.

"2024. urtearen amaieran enpresak borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakunderako (Geroa) kuotak ordaintzeari utzi zion aurrez abisatu gabe", azaldu du langileen batzordeko kide eta LABeko delegatu Diego Martinezek. "Ondorioz, hainbat langilek enpresa lehen aldiz demandatu genuen kuotak kobratzeko. 2025eko irailean, lehenengo demandaren sententziak enpresa behartu zuen Geroako ekarpenak ordaintzera; hala ere, hurrengo hilabeteetan ordaindu gabe jarraitu zuen, eta egoerak langile gehiago behartu zituen bigarren demanda bat aurkeztera, 2025eko kuota guztiak erreklamatuz. Epaitegiak bigarren demanda hori ere onetsi du", azaldu dute LAB sindikatutik.

 "Gaur egun, aldeko bi sententzia jaso ostean, egoera berean gaude, eta Elcoroko langile guztiok kuotak ordaindu gabe ditugu Geroan. Honetaz gain, egoera guztiz jasanezina bihurtu zen enpresak ekintza guztiz diskriminatzaile eta hertsatzaile bat aurrera eramatea erabaki zuenean. 2025aren amaieran zuzendaritzak informazio batzar bat deitu zuen non jakinarazi zuen salatu ez zuen orori "interes" batzuk ordainduko zizkiola, argi utziz "interes" horiek ez zizkiela ordainduko salaketa jarri zuten langileei. Esan eta egin. 2025eko abenduko nominan salaketarik jarri ez zuen langile taldeak 50 euro kobratu zituen "interesetatik", eta salaketa ipini zuten bost langileei ukatu egin zitzaien".  

Mobilizazio ziklo baten atarian

Egoera "diskriminatzailea" salatzen dute langileen batzordetik. "Argi dugu ez dugula horrelako ekintza diskriminatzailerik eta hertsapenik onartuko. Alde batetik, langile klaseak enpresaren aurrean dituen eskubide guzti-guztiak defendatuko ditugu, eta bestetik, eskubide horiek gauzatzeagatik ez dugu inolako errepresaliarik onartuko", esan dute. "Hori dela-eta, mobilizazio-ziklo bati ekingo diogu enpresa batzordearen gehiengoarekin batera.

Azaldu dute batzordea LABek (bi delegatu), ELAk (bi delegatu) eta CCOOk (delegatu bat) osatzen dutela, eta ELAk uko egin diola ekimena babesteari.

Goiena harremanetan jarri da Elcoro Decoletaje enpresako zuzendaritzarekin eta ez dute adierazpenik egin oraingoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak