Korrika Txikiarekin eman diote hasiera Korrikaren bueltan gaur arratsaldeko ekintzei Elgetan. Maala guraso elkartean eskainitako txokolate-jana izan dute indarrak hartzeko eta 18:00etan ekin diote Herri Korrika egiteari.
Korrika Txikiarekin gertatu den bezala euri tantak hasi dira Herri Korrikari hasiera eman baino minutu batzuk lehenago baina atertu egin du eta eguzkia atera da. Hala, talde argazkia atera eta lasterketari ekin diote elgetarrek.
Elgetako abesbatzako bi kidek abiatu dute Herri Korrika plazatik eta 29 lekuko aldaketa izan dira. Ekimenean parte hartu duten eragileak hauek izan dira: Elgetako abesbatza, Goikoetxe harategia, Elgetan Berbetan, PiñuKoku, Haizea taberna, Intxortako lehoiak, Udal liburutegia, Ozkarbi elkartea, Amantalak talde feminista, Elkoro botika, Janela taberna, Elbape ortu ekologikoak, Goibeko euskara elkartea, Elgeta Palestinarekin, Bolatoki taberna, Bea denda, Maiala landetxea, Intxorta elkartea, Maala guraso elkartea, Intxortako Ahuntzak Trail, Domingo Iturbe Fest, Astindu, Mendi Mendia Racing, musika eskola, Udala, Gazte asanblada, kontsumo taldea, Kantsatzeke mendi taldea, Ixotzen energia komunitatea eta EH Bildu.
Amaitutakoan, Ozkarbi eta Intxorta elkarteek eskainitako mokadutxoa izan da plazan eta baita ere Ad Libitum txaranga.
Zapatu goizean Elorregin
Korrika zapatu goizaldean sartuko da Debagoienean. Elgetarrek Elorregin izango dute kilometroa. Udalak diruz lagundutakoa da eta elgetarrek 06:20ean hartuko dute lekukoa. Kilometroan parte hartzeko eskatu dute Korrika batzordetik.