Bazirudien euriak Korrika Txikian egon nahi zuela eta hasieran tanta batzuk bota ditu baina berehala atertu du eta neska-mutikoek eguzkipean egin dute plazara arteko ibilbidea, azkenean.
Mailaka antolatuta, txandaka lekukoa hartzen joan dira Domingo Iturbe kalea, Artekale eta Salbador kaleak zeharkatu dituen Korrika Txikian. Mendizaleen plazara iritsi direnerako handituta zetorren korrikalari kopurua lekukoaren eta pankartaren atzean.
Plazan guraso taldea zegoen zain eta txalo artean hartu dituzte korrikalariak. Seigarren mailako ikasleek hartu dute orduan hitza eta bertso bat ere bota dute denek batera.
Herri Korrika 18:00etan
Arratsaldera Korrikarekin lotutako hainbat ekintza daude antolatuta Elgetan. 16:30ean txokolate-jana eskainiko du Maala guraso elkarteak eta 18:00etan abiatuko da herriko 31 eragilerekin egingo den Herri Korrika.
Plazan izango ditu abiapuntua zein helmuga eta ibilbidea izango da: San Roke, Artekale, Salbador, Berraondokoa, Torrealdea eta plaza. Herriko 31 eragilek hartuko dute lekukoa.
Amaitutakoan Domingo Iturbe Fest jai batzordeak umeendako prestatutako ogitartekoak, Ad Libitum txaranga eta Ozkarbi zein Intxorta elkarteek prestatutako mokadutxoa izango dira herrian.
Kilometroa Elorregin
Korrika 24 zapatu goizaldean sartuko da Debagoienean. Elgetarrek Elorregin jasoko dute lekukoa bihar, zapatua, 06:20an. Udalak diruz lagundutako kilometroa da. Ibon Unzetabarrenetxea alkateak Korrikan parte hartzera gonbidatu ditu elgetarrak. "Pertsona orok topa dezake bere tokia Korrikan, irekia dagoelako euskaraz bizi gaitezen bere aletxoa emateko prest dagoen guztiari", adierazi du.