Hamahiru puntu izan zituen Elgetako udalbatzak uztailaren 22an egindako osoko bilkurak. Horien artean izan ziren, besteak beste, Garajeen pasabide-lizentzien ordenantza, Hiri-trafiko ordenantza berria edota baso-ustiaketarekin lotutako ordenantzaren eguneraketa.
Intxortako ibilbide tematikoa sustatzeko kreditu aldaketa espedientea ere onartu zuen udalbatzak. Hala, 2025ean 21.500 euro bideratuko dira Turismo batzordeko ekintzetara. Hain zuzen ere, Intxortako ibilbide tematikoa sustatzeko.
Ikus-entzunezkoa eta horma-irudia
Oraingoz bertan behera gelditutako eskolako jangela eredua aldatzeko proiektura bideratutako 300.000 euroko aurrekontutik bideratuko da dirua Turismo batzordeak dituen proiektuetako bira. Osorik, 22.155 euroko kreditu aldaketa onartu du Udalak. Hauek izango dira finantzatuko diren egitasmoak:
- 17.000 euro memoria historikoaren inguruan umeei zuzendutako ikus-entzunezko bat egiteko. 10.000 euroko diru-laguntza jasoko du Udalak Aldunditik.
- 4.495 euro antzokiko hormetako batean horma-irudia egiteko. Helburua da interpretazio zentroari ikusgarritasuna ematea.
- 660 euro Debagoiena Ehunduz hitzarmenera bideratzeko.
Oposizioa abstenitu egin da puntu honetan. Proiektuak ez dituzte gaizki ikusten, baina kezka azaldu dute Udal Gobernuak "automatismoz" egiten dituen espediente aldaketekin. Plangintza baten falta sumatzen dute jeltzaleek.
Udal soldatetan %0,5eko igoera
Udal langileen eta udal kargu publikoaren –alkatea– 2024ko ordainsariaren igoera ere onartu du udalbatzak. "2024ko urtarriletik gaur arte zorretan zegoen %0,5eko igoera. Igoera hori KPIaren igoerari lotutako dago. Madrileko ministroen kontseiluak 2025eko ekainean onartu du igoera; ondotik, Eusko Jaurlaritzak eta, orain, udaletxeek. %0,5eko igoera aplikatzen da 2023ko abenduan zegoen soldatekiko eta aplikatuko da urtarriletik", azaldu du udal idazkari Gotzon Goikoetxeak udal hautetsiek bozketa egin aurretik. Aho batez hartu da erabakia.
Bestelakoak
Uztaileko osoko bilkuran beste hainbat puntu ere onartu dira. Debagoieneko mankomunitatearen estatutuen behin betiko aldaketa, esaterako. Hala, Mankomunitatearen aitortu zaizkio hainbat eskumen; hala nola, mugikortasuna, energia eta ongizatea.
"Eskualdean beharra ikusi da Mankomunitateari eskumen propio batzuk aitortzeko", azaldu du alkateak. "Ingurumen arloan bi konpetentzia hartu ditu bere baitan. Alde batetik, mugikortasuna –eskualde mailako mugikortasunean eraginkorrak izan daitezkeen azterketak eta lanketak sustatzeko– eta bestetik energia –eskualde iraunkor bat bultzatzeko proposamenak prestatzeko–. (...) Ongizatea, berriz, egoera zaurgarrian dauden Debagoieneko herritarren ongizatean helburu daukan eskumen bat da. Ikerketa, lanketa eta proiektu komunak kudeatzeko hartzen du bere gain konpetentzia hau Mankomunitateak".
2024ko kontu orokorraren behin betiko onarpena eta Udalaren eta Gipuzkoako Farmazialarien elkargo ofizialaren arteko lankidetarako esparru-hitzarmena ere onartu ditu udalbatzak.