"Garaje pribatuetan sartzeko ibilgailuek domeinu publikoko espaloiak eta galtzadak erabiltzen dituzte. Elgetan 200 garajetik gora daudela kalkulatzen dugu eta hamar bat dira pasabide hori baimentzen duen ibi-lizentzia ordaintzen dutenak. Ez da justua", esan du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak. Ibilgailuek espaloietan eta galtzadetan sortzen dituzten kalteak ere azpimarratu ditu: "Mantentze-ardura Udalarena da. Horrek esan gura du herritar guztien zergetatik ordaintzen direla lanak".
Egoera arautzeko, pasabideko ibi-lizentzien ordenantza egin du Udalak. Herritarren zein Udalaren eskubideak eta bete-beharrak eta lizentziak lortzeko prozedura jasotzen dira bertan, besteak beste. "Dagokion tasa –euro kopurua– ordenantza fiskalen bidez zehaztuko dugu eta gure asmoa da urtarrilaren 1ean hastea ibi-lizentzien ordenantza aplikatzen".
Bando bat aterako du Udalak erregularizatu gabe dauden pasabide-lizentziak borondatez erregularizatzeko informazioarekin. Urte amaierarako burutu beharko dira tramiteak. "Aurrerago ikusiko dugu nola jokatu erregulatu gabe jarraitzen dutenekin", esan du alkateak.
Aho batez hartutako erabakia
Udalean ordezkaritza duten bi talde politikoek –EH Bildu eta EAJ– elkarlanean landutako ordenantza da, eta aho batez onetsi dute hasierako onarpena. Erakusketa publikoan egongo da, 30 egunez. Alegaziorik aurkezten bada, aztertu egingo dira. Bestela, onartu eta indarrean sartuko dira.
Ordenantza hemen dago ikusgai.