"Azken urteetan ikusi dugu basoan entresakak egiten dituzten enpresak inpunitatez ibiltzen direla herriko bide publikoetan. Askotan kalteak sortzen dituzte eta inor ez badago atzetik –Udalaren baliabide urriek eragindako gabezia izan daiteke– ez dago probarik eta Udalak ezin dio ustiatzaileari kalteak konpontzea eragin", azaldu zuen martitzeneko osoko bilkuran Ibon Unzetabarrenetxea alkateak.
Basoa ustiatzen hasi aurretik enpresek abala jarri behar izaten dute bermatzeko bideak egoera onean utziko dituztela. "Bada, erabaki dugu abal horiek kopuruz igotzea. Uste dugu eragin dezakeela kamioiarekin dabiltzanak Elgetako bideetan kontu handiagoarekin ibiltzea. Aplikatuko diren zigorrek ere gora egingo dute. Gutxieneko abala 1.200 eurokoa izango da aurrerantzean", zehaztu du.
Abalen kopuru berriak
- 100 metro kubikorainoko egur kopurua ateratzen bada, 1.200 euro.
- 500 metro kubikoraino, 3.000 euro.
- 500 metro kubikotik gora, 5.000 euro.
Horrez gain, arau-hauste arinek 500 euroko isuna izango dute. Larriei aplikatutako isunak 1.000 eurokoa izaten jarraituko du.
Udalbatzak aho batez onartu du aldaketa. Oposizioak ondo ikusi du ordenantzaren kopuruak eguneratzea. Horrela adierazi zuen EAJko Mikel Larreak.