Jai eta aisialdi guneetan eraso matxistei aurre egiteko protokoloa aurkeztu dute Elgetan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko eka. 30a, 19:17

Elgetako Udaleko eta Amantalak talde feministak ordezkariak gaur arratsaldeko agerraldian. Irudia: Goiena.

Elgetako Udala eta Amantalak talde feminista aritu dira protokoloa osatzen, eta horren berri eman dute, Udaberria loratzen, Elgeta formatzen kanpainako azken ekintzatzat. 

Uztailaren 3tik 5era ospatuko dituzte Elgetako Ferixa Nagusiko jaiak, eta ospakizunen atarian aurkeztu dute jai eta aisialdi guneetan eraso matxistei aurre egiteko protokoloa. Jaietako indarkeria matxistari "erantzun integrala" emateaz gain, "herritarrak eta gizarte eragileak lotuta", protokoloak beste bi helburu ditu: "Jarduteko jarraibide komun batzuk izatea, erantzun egokia emanez, berriz biktimizazioa saihesteko; eta indarkeria matxista jasaten duten pertsonen askatasunekiko errespetuan oinarritutako jaiak eta aisialdirako guneak eraikitzen laguntzea".

Protokoloa, printzipioz, Ferixa Nagusiko jaietan eta Sagardo Egunean aplikatuko da, hiru egoera posibletan: "Indarkeria matxistan, izan emakumeen aurkakoa, transfoboa edo homofoboa; sexu erasoetan; eta sexu erasoetan, mendekotasun kimikoaren susmo edo baieztapenarekin". Egoera horiek gertatuz gero, berriz, honako eragile hauek hartuko dute parte esku-hartzean: Premiazko Batzordeak, udal gobernuak eta talde feministak osatutakoa; eta Batzorde Mistoak, Premiazko Batzordeaz gain jai batzordeko kideekin osatutakoa.

Martxan da lehenagotik

Udalak eta Amantalak talde feministak gaur arratsaldean aurkeztu dute protokoloa, baina jakinarazi dute ekainaren erdialdetik dela martxan, berdintasunean eta sexu-aniztasunean sentsibilizatzeko Udaberria loratzen, Elgeta formatzen izeneko kanpainaren berri eman zutenetik. Hain zuzen ere, hiru ekintza antolatu zituzten, eta horietako azkena izan da aurkezpena: Antes muerta que sencilla hitzaldia eta ipuin audio-gida entzuteko saioa izan dira, hain zuzen ere, aurreko bi ekintzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak