Sentsibilizazioa, kontzientziazioa eta prebentzioa landu nahi dituzte Udaberria loratzen, Elgeta formatzen izeneko kanpainarekin Udal berdintasun sailak eta Amantalak talde feministak. Lanketa sakona egin dute udalbatzak maiatzeko osoko bilkuran aho batez onartutako protokoloa egiteko eta prozesu horretan beharrezkoa ikusi dute jaien aurretik prebentzio eta sentsibilizazio kanpaina bat egitea. "Berdintasun batzordean oso argi ikusten genuen bazegoela beharra jaietarako eta aisialdi egunetarako protokolo bat sortzeko eta martxan jartzeko. Horrela hasi ginen lanean", azaldu du Berdintasun saileko arduradun Ione Elkorok. "Ikusi genuen, baita ere, beharrezkoa zela sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina bat egitea; izan ere, prebentzio kanpaina ere izan zitekeen".
Ekaina horretarako hilabete oso egokia izan zitekeela iritzita, hilaren 28ko Harrotasun Egunarekin ere lotu dute kanpaina. Hala, sexu-aniztasuna ere ekarriko dute lehen lerrora. "Elgetan ere komunitate ezberdinak daude. Bere txikitasunean herri anitza da. Errealitate horri ikusgarritasuna ematea ezinbestekoa da".
Elgetar guztiendako pentsatutako egitaraua prestatzen saiatu dira. Hala azaldu du Amantalak talde feministako Ainara Belamendiak ere.
Gorputzekiko presio soziala
Sentsibilizazio kanpainaren lehen hitzordua eguenerako iragarri dute eta Ekua taldeak gidatuko du. Antes muerta que sencilla izeneko hitzaldia izango da, 18:30ean, udaletxeko areto nagusian. "Emakumeen gorputzaren aurkako indarkeria sinbolikoaren inguruko hitzaldia izango da", azaldu du Elkorok. Emakumearen gorputza balio-identitate eta autoestimu-neurri gisa hartu izan da historikoki. Edertasun-kanonei, emakumearen gorputzaren gaineko presio sozialei eta gorputzarekin emakumeek duten loturari buruzko hausnarketa egitea da helburua.
Hamar ipuin entzungai
Hurrengo eguenean, hilak 26, instalazio berezia egongo da Espaloia kafe antzokian. LGTBIQ+ kolektiboaren inguruan kontzientzia sortzea helburu duen Zarata proiektuaren proposamena da eta sexu-aniztasunarekin zein gorputz disidenteekin lotutako hamar ipuin audio-gida bidez entzuteko aukera egongo da, 16:00etatik 20:00etara.
Protokoloaren aurkezpena
Udaberria loratzen, Elgeta formatzen kanpainaren hirugarren eta azken ekitaldia onartu berria den protokoloaren aurkezpena izango da. Ferixa Nagusiko jaien atarian egingo dute, hilaren 26an, 18:00etan, udaletxean. Herritar guztiak daude parte hartzera gonbidatuta.