Zazpi hilabeteko erresistentziaren ostean sartu ziren frankistak Elgetan aurten 88 urte direla, eta edozer egiteko baimena jaso zuten arduradunengandik. Emakumezkoei egindakoak jaso gura izan ditu Zubigaraik komikian. Gaia ikertu eta komiki formatura ekarri du. Emaitza da Elgeta 1937, Emakumeen Memoria.
Komikia ekimen zabalago baten parte da; izan ere, Bilborako bidean beste hainbat herritan gertatutakoak ere jaso nahi ditu beste hainbat komikitan Intxortatik Artxandara proiektuaren baitan.
Emakumeen testigantzak
Komikigileak Elgetako udal liburutegian egin du komikiaren aurkezpena. "Emakumeen ikuspuntutik eta euren testigantzetan oinarrituta, asmatutako pertsonaiak erabiliz, garaiaren birsortze historiko erreal bat sortu dut", azaldu du.
Felisa Iturricastillo, Anttoni Telleria eta Soledad Kapelastegiren –egilearen izeba– testigantzetan oinarrituta egin du gidoia Zubigaraik. "Ekimenaren asmoa da emakumeen memoria berpiztea, gogoratzea eta zer gertatu zen aditzera ematea, gure gizarteak kontzientzia hartzeko helburuarekin, halakorik berriro gertatu ez dadin. Komikian agertzen diren pertsonaiak ez dira errealak baina bertan kontatzen dena oso erreala da", azaldu du egileak.
Komikia salgai
500 ale inprimitu ditu Zubigarai eta harrera oso ona izan duela azaldu du. "Ez nuen hain harrera ona espero, egia esan", azaldu du. Euskaraz eta gazteleraz inprimitu du komikia eta euskarazko azken aleak daude salgai Elgetako Lola jatetxean, Arrasateko Irati tabernan eta Eibarko Guisasola estankoan. Internet bidez ere jarri ditu salgai.
Elgetako liburutegian maileguan hartzeko aukera dago.