Aiert Zubigarai: "Arrakasta itzela izan du komikiak, ez nuen halakorik espero"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko mai. 9a, 09:30

Aiert Zubigarai 'Bizkai' komikigile elorrioarra lana sinatzen. (Iturria: Aiert Zubigarai)

Biktima izandako emakumeen lekukotzak aintzat hartuta osatu du Elgeta 1937: emakumeen memoria komikia Aiert Zubigarai 3izkai-k (Elorrio, 1978). Elgetako liburutegian aurkeztu du lana. Intxortako erresistentzia gogora ekartzeko Elgetan egindako bi ekitaldietako bat izan da. Komikiaren hirugarren aurkezpena izan da.

Intxortatik Artxandara proiektuko lehen komikia Elgetari eskainitakoa da. Zergatik aukeratu duzu Elgeta hasteko?
 
Ekimenaren hasierako ideia zen Intxortatik Artxandara joatea faxisten ibilbide berdina eginez Bilbora arte. Berez, faxistek hartutako Ipar Fronteko lehen herria Elorrio izan zen. Batailoi anarkista batek bere postua utzi zuen Udalaitz magalean "ate" bat utziz faxistei. Zergatik alde egin zuten ez dago oso argi.
 
Gauza da Laumunarrietatik –Cuatro Mojones– sartu zirela Besaide inguruan. Horregatik da Laumunarrieta Elorrioko talde memorialistaren izena. Faxistak –mairuak dirudienez– Elorrioko Iguria auzora jaitsi eta hortik zuzenean Intxortarantz jo zuten. Zenbait testigantzaren arabera "sugandillak ziruditzen" maldan gora tarrazean. Soldadu mairu haiek izan ei ziren, Bergara aldera begira zeuden gudariak bizkarrez harrapatu zituztenak. Erasoaren aurrean ihesi, gudariek Intxortako postuak bertan behera utzi zituzten. Bukaeraren hasiera izan zan hura.
 
Lehenengo herria Elorrio izan beharko zen, baina ikerketa eta gidoia egitea errazagoa izan da Elgetako Udalaren sostenguarengatik. Horregatik irten da lehenengo Elgeta.
 
Orain, alboratuta gelditu da ekimenak faxisten ibilbide berdina jarraitzearen ideia Elorrioko Udala ekimena diruz sostengatzeko jartzen ari den arazoak ikusirik eta estrategia aldatu da.
 
Etorriko den hurrengoko komikiaren herria Udalaren sostenguaren araberakoa izango da eta  sostengu hori idatziz jasota egon beharko da inolako ikerketa eta gidoia egiten hasi aurretik.
 
Elorrioko Udalaren jarrerak kinka larrian uzten du ekimenarena jarraipena eta jarrera hori beste udal guztietan errepikatuko balitz ekimena ekonomikoki ito eta hil egingo da.

Dokumentazio lan handia dago komiki honen atzean: dokumentazio historikoa eta grafikoa. Zenbat denborako prozesua izan da eta zeintzuk izan diren zure iturriak?

Elgetaren kasuan Udala, eta Intxorta 1937 kultur elkarteko Nerea Villa, Jon Etxezarraga, Julia Monge eta Juan Ramon Garai izan dira iturri nagusiak. Ez dut ahaztu nahi Jesus Gutierrez Arosaren La guerra civil en Eibar y Elgeta; izan ere, oso baliagarria izan da.
 
Laumunarrieta 1937 taldekoek ere asko lagundu didate dokumentazio grafikoan.  Baina arazo batekin aurkitu nintzan: barruko eszenak. Horietarako ez dut lortu erreferentziazko argazkirik ez Elgetan ez Elorrion. Beraz, sukaldeak, logelak, egongelak eta abar girotzeko pelikuletara jo dut.
 
Emakumeen testigantzetan oinarritutako lana da. Zergatik emakumeak?
 
Ia beti gizonak dira protagonista. Atzera begiratzea besterik ez dago. Greziar garaitik hasita, adibidez, zenbat antzerki, eleberri, pelikula edo komikitan dira gizonak protagonista? Eta emakumeak zenbatetan? Aldea izugarria egongo delakoan nago. Hasiko bagina gaur emakumeak soilik protagonista diren lanak egiten zenbat urte iragan beharko ziren berdintasunera heltzeko?
 
Bestalde, gizonen kontaketek oso presente izaten dute normalean guden alde militarra: lubakiak, fusilak... Eta emakumeen testigantzak frontetik urrun egoten dira eta gudan zer pairatzen den jartzen digute aurrean ikuspegi zibilago batetik. Horren inguruan lan oso onak eta gomendagarriak daude: Fidel Martinez eta Jorge Garciaren Cuerda de presas, Javier de Isusiren Asylum edo Paco Roca eta Rodrigo Terrasaren Ahuntzaren leizea.
 
Memoria historia zabaltzea da proiektuaren xedeetako bat. Uste duzu komikia indar handiko formatua dela horretarako.
 
Komiki batek pelikula edo antzezlan batek baino aurrekontu askoz ere txikiagoa duelako. Inbertsio ez oso handi batekin memoria txertatuta duen obra zabaldu daiteke.
 
Bestetik, urteak pasa ahala komikiak hor jarraitzen du. Ekimenaren barruan ateratako bi liburuak: Emakumeon Memoria 1937, Intxortatik Artxandara eta Elgeta 1937, Emakumeen Memoria Euskal Herriko hogei udal liburutegi baino gehiagotan daude eta memoriaren zabalkuntzarako hor egongo dira urteetan. Euskarazko Ikasmaterialen Dokumentazio Zentroaren arabera –webgunean jartzen du– ekimenean argitaratutako bi liburuak gomendagarriak dira ikastetxeetan eta institutuetan historia irakasteko.
 
Faxismoarekin gertatzen dena zabaltzea ere baduzu helburu. Faxismoaren indarberritzeak kezka eragiten dizu. Kulturatik ere eragin daiteke?
 
Faxismoari ahal den leku guztietatik borrokatu behar zaio gure ideiak besteei inposatu nahi izan barik. Batzuetan, guk ere iparra galdu egin dugu horretan.
 
Nik komikiak egiten jarraituko dut garaiko emakumeen testigantzetan oinarrituta eta orain guri etorri ahal zaiguna zabalduz, historia ziklikoa baita.
 
Komikiak harrera oso ona izan du. 9 eurotan jarri dituzu salgai. Non eros daiteke?
 
Arrakasta itzela izan du benetan. Ez nuen halakorik espero. Euskarazko alerik ez da ia geratzen saltokietan. Nik neuk ez dut etxean niretzako gorde eta aurreko astean gerturatu naiz liburu-denda batera hartzera.
 
500 bat ale inprimitu ziren –euskara batuan eta gazteleraz–  eta 400 bat ale saldu dira honezkero. Zabalkuntzan lau hilabete gogor eman ditut lanean, baina emaitzak merezi izan du.
 
Orain zabalkuntza kontu denak alde batera utzi eta buru belarri jarriko niaz Elorrioko komikian lanean. Maite dudan hori egitera; arkatzarekin, tintarekin edo akuarelekin marrazkiak egin eta istorioak biñeten bidez kontatzeko.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak