Landutako aurre-proiektuak aurreikusten du Espaloia kafe antzokiko goiko solairuan kokatzea bai jangela bai sukaldea, eta aurtengo udal aurrekontuak 300.000 euroko diru-lerroa jasotzen du, baina egitasmoa ez da 2025ean gauzatuko. Horrela eman du aditzera Hezkuntza zinegotzi Kepa de Vegak.
"2025eko udal aurrekontuetan Elgetako Udalak 300.000 euroko inbertsio partida bat sortu zuen jangelaren eraldaketarako, Hezkuntza Sailetik jasotzen genituen erantzunek horretarako bidea ematen zutelakoan", azaldu du. "Urtarrilaren amaieran, Hezkuntza Sailarekin izandako elkarrizketen harira saileko bi arduradun herriko eskolan izan ziren, egoera eta asmoak bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Bertan eskolako zuzendaritzari helarazi zioten urte honetan zehar sukalde ereduen inguruko hausnarketa prozesu bat abiarazi duela Hezkuntza Sailak. Eskolak Udalari mezu hau helarazi zigunean, Udaletik harremanetan jarri ginen eskolan egondako arduradunekin, 2025 urtean zehar sukaldea eraldatzeko aukerarik izango dugun aztertzeko asmoz, edo aukerarik ezean, partida honetako dirua beste inbertsio batzuetara bideratu ahal izateko”, azaldu du.
Aurten ez
"Jaso dugun erantzunean helarazi digute aurten ez dutela ikusten gure sukaldearen inguruko erabakirik hartuko dutenik, eta datorren urterako hitz egingo dugula ea nola doazen gauzak eta zer erabaki har ditzakegun. Beraz, egoera honetan, Udalak aurtengo partida beste inbertsio batzuetara bideratuko du eta Hezkuntza Sailarekin harremanetan mantenduko da, hurrengo urtean eraldaketa burutu ahal izateko nahiarekin".
Proiektuarekin jarraitzeko asmoa
Proiektuarekin lotuta Udalak bi "helburu argirekin" jarraituko duela esan du De Vegak. "Alde batetik, in situ jangela izateko gure esku dagoen guztia egitea, eta horretarako, Hezkuntza Sailaren babesa lortzen saiatzea zerbitzuaren arduraduna den heinean. Bestetik, hezkuntza komunitatearekin komunikazioan eta elkarlanean jardutea denon artean pausoak emanez eta erabakiak zabalduz".
Bai Udalak bai Jangela Eraldaketa Batzordeak aditzera eman dute proiektuarekin lotutako edozein zalantza edo ekarpen dela ateak zabalik dituztela.