"Gaia potoloa da eta erpin asko ditu. Denbora eskatzen du eta horretan ari gara, baina proiektua egina dago eta xehetasunak lotzen jarraitzea falta zaigu", adierazi du Hezkuntza zinegotzi eta Jangela Eraldaketa batzordeko kide Kepa de Vegak.
Egitasmoak 2021ean egin zituen lehen urratsak, eta, ordutik, familiendako elikadura eskola, Hamaiketako Osasungarria ekimena, eskolako jangelaren inguruko lan-saioa eta Jangela Eraldaketa batzordearen sorrera izan dira mugarri nagusiak.
Udalbatzak, berriz, eta Udalean ordezkaritza duten bi alderdien babesarekin, 300.000 euroko diru-lerroa sortu du obrari ekiteko. "Itxaropentsu daude", azaldu dute Jangela Eraldaketa batzordekoek. "Herriko alderdiak proiektuaren alde daude. Guraso elkartea eta eskolako organo gorena ere bai (...) Gainera, Hezkuntza komunitatean eraldaketaren inguruko galdeketa egin dugu, eta %94k babestu dute".
Proiektua eginda dago
Goiatxe eta Mendieta arkitektoek egin dute jangelaren eraldaketarako proiektua. Antzokiko sukaldean eta jangelan kokatua, sukalde propioa eta 96 jankiderendako lekua izango luke espazioak. "Ikasturte honetan 97 ikasle daude zerbitzuan alta emanda, eta egunean batez beste 81 jankide daude. Bi txanda egin behar dira", azaldu dute eskolakoek. "Gaur egungo jantokia Haur Hezkuntzako ikasgelen alboan kokatutako gela bat da. Office-a dauka, eta eredu garraiatua da: janaria prest eta ontziratuta ekartzen da, beroan mantenduz. Dieta bereziak hotzean heltzen dira eta eskolan berotzen dira", azaldu dute.
Eredu berriarekin, catering enpresek lehengaiak ekarriko lituzkete eta goizean bertan prestatuko litzateke bazkaria eskolako sukaldean. "Epe luzera begira gertuko eta sasoiko produktuez hornitzen den jangela bat dugu xede, baina hori posible izan bitartean urrats xumeago bat egitea dugu helburu: eredu garraiatutik, bertan, bertakoentzat eta momentuan prestatutako janaria ekarriko lukeen eredura", esan dute batzordekoek.
Hezkuntza Sailarekin lanean
Jangela Eraldaketa batzordeko kideak aurreko ikasturtean hasi ziren hartu-emanetan Hezkuntza Saileko ordezkariekin. "Erantzun hau jasotzen dugu: 'Hezkuntzak ez du bere gain hartuko obra'. Beste aukera bat Hezkuntza Sailak udalei ematen dien diru-laguntzen bidea hartzea da: %60ko laguntza ekarriko luke. Hezkuntza Saileko teknikariekin eta ordezkariekin elkarlanean jarraituko dugu. Dirulaguntzak bideratzeko, haiengandik jasotako irizpideak jarraituko ditugu, poliki-poliki beharrezko pausoak emanez".
Jangela Eraldaketa batzordeak ontzat hartu du Udalak proiekturako 300.000 euroko diru-lerroa sortu izana, baina ahalegin luzeko proiektua dela azpimarratu dute. "Udalak erabateko konpromisoa eta babesa azaldu ditu, baina proiektua burutu ahal izateko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza ezinbestekoa izango da, eta horretan dihardugu elkarlanean. Jarrera baikorra erakutsi digute eta itxaropentsu gaude", adierazi dute.
Udal ordezkarien babesa
"Proiektu hori oso garrantzitsua da guretzat. Eskolan dagoen jantoki ereduak kezkak sortzen ditu, eta badoaz urte batzuk horren inguruan aztertzen eta sakontzen. Uste dugu proiektu hori aurrera eramateko urtea dela. Apustu egiten dugu eskola jangela eredu osasuntsu, hurbilago eta hezitzaile baten alde", esan zuen alkateak azken osoko bilkuran.