Elgetako udalbatzak 2.240.548 euroko aurrekontua onartu du 2025erako. Aurrekoa baino 241.000 euro handiagoa da. Foru Funtseko sarrera igoeratik –234.000 euro gehiago– eratorritako handitzea da, gutxi gorabehera. Aurrekontuaren %24,2 inbertsioetarako izango da, eta %4,55 zorrak ordaintzeko. Gainerakoa, ohiko gastuetara bideratuko da gehienbat.
EH Bilduko kideen aldeko botoekin eta EAJko ordezkarien abstentzioarekin onartu da udal aurrekontua. Bi alderdietako bozeramaileek, dena den, lortutako akordio maila azpimarratu dute. "EAJrekin partekatutako aurrekontua da eta uste dugu akordio garrantzitsu bat lortu dugula; norabide bat finkatzen da. Espero dugu aurrerantzean ere bi aldeak norabide berean jarraitzea", esan du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak. "Aurrekontu aberats bat lortu dugu", baieztatu du EAJko bozeramaile Iker Lakak. "Egia da alderdi bakoitzak bere lehentasunak dituela, baina uste dut alderdiek negoziazio zintzo bat egin dugula. Alderdikeriak albo batera utzi eta jarrera eraikitzailearekin herriarendako onuragarriak diren zenbait proiektu bideratzea adostu dugu. Ez da gure aurrekontua, baina gerturatzen da".
Aurrekontu "anbiziotsua"
Alkateak aurrekontu "anbiziotsua" dela adierazi du. 544.272 euro bideratuko dira inbertsioetara eta garrantzitsuena –300.000 euro– eskolako jangela zerbitzua sukaldez hornitzeko izango da. "Proiektu oso garrantzitsua da guretzat. Gaur egun dagoen jantoki ereduak kezkak sortzen ditu familien artean eta hezkuntza komunitatearekin landutako proiektua dugu esku artean.
Uste dugu unea dela jangela eredu osasuntsuago, hurbilago eta hezitzaileago baten alde egiteko". Bat dator oposizioa: "Inbertsio handia da Udalarendako, eta espero dugu Eusko Jaurlaritzatik dirulaguntzak lortzea", esan du Lakak.
Bigarren inbertsiorik handiena eguneko zentroa eraberritzeko izango da; 68.000 euro. "Premiazkoa jotzen dugu eta Foru Aldundiaren laguntzarekin egingo dugu obra", azaldu du alkateak. Eguneko zentroa leku aldatzeko azterketa ere egingodu Udalak 2025ean. "Hainbat bilera egin ditugu Foru Aldundiarekin, eta EAJrekin adostutakoa da azterketa hori egitea. Uste dugu zerbitzu hori erdigunera ekarri behar dela erabiltzaileak herrikoago sentitzeko. Aldundiarekin harremanetan jarraituko dugu. Ea akordio batera heltzen garen". Iker Lakak azaldu du aurrekontu proiektuari lau proposamen egin zizkiola EAJk, eta horien artean zegoela eguneko zentroaren lekualdaketaren azterketa. "Laguntza osoa emateko prest gara proiektu horrek bere bidea egin dezan Aldundian", esan du.
Udal pilotalekuko sarrera berritzea eta Domingo Iturbe kalean –postariaren lokalaren parean– zebrabidea egitea dira hirugarren inbertsio handiena: 50.000 euro. Mendrakorta baserrirako bidea egitea ere aurreikusten da: 45.738 euro.
Hirugarren poligonoaren digitalizazioa, Ixotzen energia komunitatearekin lankidetzan Herriko Energia Plana egitea, eta baso-lurrak erosten jarraitzeko diru-lerroak ere azpimarragarriak dira Ibon Unzetabarrenetxea alkatearendako.
Akordiotik kanpo
Etxebizitza politika eza eta udaletxea berritzea premiazkotzat ez jotzea kritikatu ditu EAJk.
"Lau proposamen egin genituen. Horien artean zen Torrealdean lagata dagoen eraikuntza-egitura garatzea. "Kezkatzen gaituena da etxebizitza politikarik ez egotea. Dagoena da ondasun higiezinen zergaren errekargua, eta ez eraginkorra", esan du Lakak. Bestetik, jeltzaleek premiazkotzat jotzen dute udaletxea berritzea.
Alkateak erantzun zuen etxebizitza berriak egitea baino hutsei irtenbide bat ematea dela EH Bilduren lehentasuna. "Eta udaletxeak badu eraberritzeko premia, baina herritarrei begira zein proiektuk ekarriko du onura gehiago: udaletxea berritzea edo eguneko zentroaren eta kiroldegiaren proiektuak garatzea?".
Inbertsio nagusiak
• Eskolako jangelako sukaldea. 300.000 euro.
• Eguneko zentroa eraberritzeko lanak. 68.000 euro.
• Frontoiko sarrera eta herriko zebrabideak. 50.000 euro.
• Mendrakortako bidea. 45.738 euro.
• Eguneko zentroa lekuz aldatzeko azterketa. 10.000 euro.
• Baso lurren erosketa. 10.000 euro.
• Lurren digitalizazioa. 8.000 euro.
• Irisgarritasun lanak. 7.500 euro.
• Energia plana. 6.534 euro.
• Eskolako eraikina. 6.000 euro.
• Kaleko altzariak. 5.000 euro.
• Kirola egiteko materiala. 5.000 euro.