Amaia Elizagoien: "Elkar ezagutzea ezinbestekoa da elkar ulertzeko, eta oso garrantzitsua da besteen azalean jartzea"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko mar. 6a, 09:00

Amaia Elizagoien.

Munduko emakumeak izeneko ipuin saioa egingo du Amaia Elizagoienek (Oronoz, 1994) bihar liburutegian. Martxoaren 8aren bueltan herrian antolatutako ekintzetako bat da. Euskal Herrira bizitzera etorritako hiru emakume migratzaileren eta bertan sortu den emakume baten istorioak ekarriko ditu.

"Bizi esperientziak dira, gure ikuspuntua aldatuko duten gertaerak", aurreratu du Elizagoienek. Helduendako saioa izango da; 16 bat urtetik gorakoendako. 18:30ean hasiko da.

Nolako ipuinak izango dira?

Euskal Herrian bizi diren emakumeen istorioak dira. Batzuek atzerrian dute sorterria eta beste batzuek Euskal Herrian. Munduan zehar behin eta berriz errepikatzen diren istorioak direla esango nuke.

Nondik jasotakoak dira?

Ipuinak testigantzetatik jasotakoak dira eta esango nuke istorio hauek guztiek ezaugarri nagusi bat dutela; behin eta berriz errepikatzen dira munduan zehar.

Elkar ezagutu behar dugu elkar gehiago ulertzeko?

Zalantzarik gabe. Elkar ezagutzea ezinbestekoa da elkar ulertzeko, eta oso garrantzitsua da besteen azalean jartzea. Urteak dira saio hau egiten dugula eta publikoak konektatu egiten du. Entzuleek berehala egiten du kolektibotik intimitaterako saltoa. Sarri, amaieran, nork bere istorioak konpartitzen ditu, eta une benetan hunkigarriak sortzen dira.

Helduendako saioa da baina emakumeendako ala gizonezkoendako ere bai?

Ez da bakarrik emakumeendako denendako da, eta zoritxarrez askotan emakumeak bakarrik etorri izan dira publiko gisa. Uste dut, gainera, gizonezkoak halako espazioetara etortzea oso garrantzitsua dela; izan ere, hausnarketak kolektiboa izan behar du. Adinarekin lotutako esango nuke 16 bat urtetik gorakoendako saioa dela istorioak ulertzeko.

Ekinaldi luzea dago berdintasunaren bidean?

Bai, oraindik ere bidea luzea da. Ikusten ari naiz, gainera, nola une honetan zalantzan jartzen ari diren feminismoari dagokionez dagoeneko lortuak genituen hainbat helmuga. Enpatiatik eta maitasunetik lan egin behar dugu denontzako jasangarriago izango den mundu bat sortzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak