Kanpandorreko erlojua ohiko egitekoetara itzuli da. Matxura baten eraginez ordu osoek ez zuten jotzen azken hilabeteetan, eta Alfonso Suescunek atzera ere martxan jarri zituen atzo. Eguerdi alde izan zen Elgetako kanpandorrean gasteiztarra eta ordutik puntuan ere jotzen dute Elgetako kanpaiek.
Udalaren jabetzakoa da elizako kanpandorreko ordularia, eta Udalak eskatuta izan zen Elgetan Suescun. Gaueko kanpai-hotsak isiltzeko agindua ere jaso zuen. Ibon Unzetabarrenetxea alkateak azaldu du herritar talde baten eskaeraren ondotik hartutako erabakia izan dela. Aurrerantzean ez da kanpai-hotsik entzungo Elgetan 23:00etatik 07:00etara.
Sistema elektronikoa 2022tik
Mekanikoa zen kanpandorreko ordularia 2022ko urrira arte. Orduan erabaki zuen Udalak sistema elektronikoa jartzea eta ordutik mantenu-lan gutxiago eskatzen du. Matxura ere izaten ditu, ordea, eta gertatzen direnean aditu baten jakintza behar da konpontzeko.