Kanpandorreko erlojua martxan da berriz ere

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko urr. 21a, 18:02

Egun batzuk beharko dira sistema elektroniko berriak doikuntzak behar dituen jakiteko, baina orratzak bere lekura itzuli dira eta kanpai hotsa entzuten da atzera ere. Erlojugile adituak diren Suescun anaiak atzo goizean izan ziren kanpandorrean.

Martitzenean heldu ziren Suescun anaien Gasteizko tailerrera Elgetako kanpandorreko ordularirako propio egindako elektromazoak. Kanpaiak jotzeko piezak dira elektromazoak, eta Kantabriako Hermanos Portilla artisau-etxean egin ditu Abel Portilla maisu galdatzaileak.

Ordurako, Alfonso eta Pedro Suescunek gertu zituzten ordulariari irailaren 23an kendutako orratzak, eta baita jarri beharreko sistema elektroniko berria ere. Hasiera batean aurreikusitakoa baino luzeagoa izan da itxaronaldia, baina jasotako materialarekin pozik dira erlojugileak, eta ahal bezain pronto bueltatu dira Elgetara erlojua atzera ere martxan jartzera.

Luze jo zuen goizak Elgetako kanpandorrean atzo. Iragarrita ez zeuden zaparradatxoak ere izan ziren, eta goian asko sumatzen dira haizea eta euria.

Zailtasunak zailtasun, Suescun anaiek bi elektromazo berriak jartzeko zereginari ekin zioten. Sistema elektroniko berria ere jarrita dago, eta Pedro Suescun kanpandorretik zintzilikatuta ikusi zuten herritarrek garbitu, txukundu eta margotutako orratzak bere lekura itzultzeko. Hala, zehaztasun hobea, mantentze-lan gutxiago eta programatzeko aukera emango duen gailu berria dago aurretik zegoen sistema mekanikoaren ordez. "Gure ustez, egokiagoa da Elgetarendako. Erabiltzaileek ez dute alderik sumatuko, eta erlojuak hobeto funtzionatuko du", azaldu du Alfonso Suescunek.

1698an egindako kanpaiak

Udalarena da kanpandorreko ordulariaren ardura, eta egokitze lanok 7.000 euro inguruko aurrekontua dute. "Erloju ona duzue Elgetan. Kanpandorrean dauden erromatar estiloko bi kanpaiak ere asko gustatzen zaizkit. Jartzen du 1698. urtean egindakoak direla. Gutxi izango dira sasoi hartakoak izanda martxan dauden kanpaiak", esan du Alfonso Suescunek.

Kanpandorrera igotzea beti da abentura bat. Erlojuaren orratzak esku artean edukitzea, zer esanik ez. Minutuak adierazten dituen orratzak 1,2 metroko luzera du. "Atera kontuak esferak ze diametro duen. Erlojua ez dago iparraldera begira. Erloju-orratz horiek ez lukete urteetan arazorik eman beharko", azaldu dute Suescun anaiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak