Alfonso Suescun: "Erloju ona duzue kanpandorrean; mantenu egokiarekin beste 200-400 urte iraun ditzake"

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ira. 21a, 10:00

Astebete pasatxo da kanpandorreko erlojua geldirik dela. Mende erdi inguruko ia atsedenik gabeko lanaren ostean, bi motorretako bat matxuratu zaio. Erloju-konpontzailea da Suescun. Erloju ona eta iraunkorra dela esan du.

Garai batean, eskumuturreko erlojua gutxi batzuen pribilegioa zen, eta kanpandorreko erlojuak markatzen zuen denbora herritar gehienendako. Ez hori bakarrik: alerta-deiak, jaiotzak, heriotzak... Komunikazio modu bat ere bazen herriko erlojua.

Gaur egungo elgetarrek gehiago erabiltzen dituzte eskumuturreko erlojuak edo gailu elektronikoetakoak, baina kanpandorrekoak martxan jarraitzen du. Herriko erlojua da eta egunez zein gauez jotzen du.

Jotzen zuen, hobeto esanda; izan ere, duela astebete pasatxo geratu, eta isilik gelditu zen. Erlojua Udalarena da, eta espezialista baten iritzia eskatu dute.

Matxura elektrikoa

Bi motorretako bat matxuratu zaio. Hala esan du Gasteizko erloju-konpontzaile Alfonso Suescunek. Espezialista da antzerako erlojuetan, eta martitzenean izan zen Elgetako kanpandorrean.

Udal brigadako langile Enrike Perez Arantzeta Txikiturri-rekin batera igo zituen kanpandorrera iristeko dauden 112-114 mailak; izan ere, bertan daude bai kanpaiak, bai erlojuaren mekanismoa. "Matxura oso larria ez bada lortzen dugu berriz ere abiaraztea, baina oraingoan espezialista baten esku-hartzea behar izan dugu", azaldu du langileak. "Oso ondo ibili da urte askoan. Suescunek dio duela zortzi urte egon zela hemen azken aldiz".

Erlojua atzeratzen edo aurreratzen bada, pisuak nibelatu eta brigadakoek jartzen dute puntuan. "Udazkeneko eta udaberriko ordu aldaketak ere guk egiten dizkiogu. Horretarako ez dauka misterio handirik", dio Txikiturri-k. "Edadeko jendeari gustatzen zaio ordularia martxan egotea. Berehala konturatzen dira zerbait bada. Gazteak, ez dakit. Zarata dela-eta badaude kanpai-hotsak kentzeko eskaerak ere. Inbertsio handia egin behar da, ordea, bakarrik egunez jotzeko, eta, nire ustez, erlojua bizi guztian egon da hemen".

Bi motor berriak hamar bat eguneko epean egongo dira prest. Orduan jarriko dute erlojua, berriz ere, martxan

Han goian, kanpaien ondoan

Kanpandorreko gela txiki batean dago erlojuaren mekanismoa. Espazio txikia da eta orduak, ordu erdiak edo ordu laurdenak direlako kanpaiak martxan jartzen badira, komeni da belarriak babestea. Pisuak metalezko bi pilota handi dira, eta gora eta behera ibiltzen dira dorrean, erlojuaren erritmoa markatuaz. Kanpotik ikusten ez diren osagaiak dira horiek.

---

Alfonso Suescun: "Zalantzarik gabe erloju ona da"

 

50 bat urte dituen erlojua da Elgetako kanpandorrean dagoena. Gasteizko Murua etxekoa dela dio adituak.

Ze ezaugarri ditu?

Sistema elektromekanikoa du. Ordularia mekanikoa da eta bere pendulua du, baina bi motor elektriko ditu pisuak igotzen laguntzeko. Kanpai-hotsei dagokienez, orduak, erdiak eta laurdenak jotzen ditu. Laurdenetan bi kanpai-hots ere jo ditzake, baina horretarako hirugarren kanpai bat beharko luke. Badago ipintzeko aukera. Ziurrenik, aurrekontu kontuengatik edota zarata gutxiago egiteko, laurdenetan kanpai-hots bakarra dauka ipinita. Zalantzarik gabe, erloju ona da.


Matxuratzea gauza ohikoa da?

Bi motor elektrikoetako bat hondatu da. Horiek barik eskuz igo behar dira pisuak, eta lan benetan nekeza da. Hala, erlojuak dituen osagai guztietatik modernoena apurtu da. Bi motorrak garai berekoak izanik, bestea ere hortxe-hortxe egongo da. Baina sistema mekanikoa bikain doa. Urte hauetan guztietan higadura gutxi batzuk besterik ez ditu izan, eta pieza oso konkretuetan. Mantentze egokiarekin 200 edo 400 urte iraun dezakeen erlojua duzue Elgetan.

 

 

 

Erlazionatuak

Elgetako kanpandorreko ordularia

Larraitz Zeberio Lekuona 2020 ira 18 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak