Saguzarrendako habia-kutxak jartzeko auzolana deitu du Udalak

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko aza. 7a, 12:30

Lehen habia-kutxa kokatzen, martitzenean.

Udaberrian Naturtzaindiarekin elkarlanean egindako ekintzei jarraipena emanez, 20 habia-kutxa jarriko dira orain San Roke osteko zuhaitzetan.  Taldea 11:00etan abiatuko da herriko plazatik. Herritar guztiei zabalik dagoen ekintza da.

Ekainean Naturtzaindiko kideekin elkarlanean egindako ekintzetan pare bat gauza argi gelditu ziren: gutxitan ikusten baditugu ere Elgetan saguzarrak daude eta bereziki gustukoa dute San Roke osteko zuhaiztia.

Eskolako umeendako ikastetxean egindako saioa, plazan jarritako erakusketa edota saguzarren kantuak erregistratzeko gailu bereziekin egindako irteerak arrakasta izan zuten herrian. Irteeran, gainera, gutxienez bost saguzar espezieren kantuak erregistratu ziren; Ferrasaguzar handia, pipistrelo txikia, pipistrelo mediterranearra, kuhl pipistreloa eta leiser gau-saguzarra. Naturtzaindiko Ion Fontenlak eta Naiara Corcuerak emandako azalpenek askoren jakin-mina piztu zuten.

Habia-kutxak

Bost hilabete beranduago saguzarrendako 20 habia-kutxa jartzeko auzolana deitu du Udalak. "Naturtzaindiko lagunekin egingo dugu ekintza. Alemaniatik ekarritako habia-kutxak prest ditugu. Zementuzkoak dira eta San Roke ostean daude zuhaitzetan kokatuko ditugu auzolanean", azaldu du Ingurumen batzordeko arduradun Miren Ibarbiak.

Zapaturako deitu dute auzolana. Interesatuek 11:00etan elkartuko dira herriko plazan eta elkarrekin egingo dute San Roke osterainoko bidea habia-kutxak kokatzeko. "Adin guztietako herritarrendako ekintza da eta ez dugu izen-ematerik eskatuko. Nahi duena etor daiteke".

Martitzenean kokatu zuten lehen habia-kutxa. "Hilerriaren sarreran dagoen zuhaitzetako batean kokatu dugu, urmaelera begira. Adituek esan dute inguru hori leku oso ona dela habia-kutxak jartzeko, zuhaitz asko daudelako eta gainera espezie diferenteetakoak direlako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak