Denboralearen eragina sumatu egin da Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko urr. 9a, 19:03

Gaur eguerdian Kanpanzarko bidean errepidera jausitako zuhaitza.

Iragarri moduan hego-mendebaldeko haize zakarra izan da azken orduetan. Kanpanzarko bidean pare bat zuhaitz erori dira errepidera, argindar mozketak izan dira herrian eta zenbait teilatutatik teilak jausi dira. Bihar goizean haizeak joko du oraindik ere baina arratsalderako eguraldi lasaiagoa iragarri dute adituek. Horrekin batera, tenperatura jaitsiera nabarmena.

Aurreko egunetan ere haizea ibili da, baina atzo gauean gehiago zakartu eta gaur indartsu ibili da. Goizean goiz zuhaitz bat erori da Kanpanzar bidean. Ez du aparteko eragozpenik sortu. Moztu egin dute eta erreil bat oztopatu badu ere, ez du ibilgailuen joan-etorria eragotzi.

Egunean zahar Elgetan ohikoa dena baino haize ufada handiagoak ibili dira. AEMET-ek Elgetan duen meteorologia estazioak 23 kilometro orduko haize-abiadura maximoa erregistratu du. 81 kilometro orduko boladak ere izan dira.

Arazoak elektrizitate horniketan eta teilekin

Elektrizitate horniketan ere arazoak izan dira. Eguerdi inguruan herriko zenbait eraikinetan argindar barik egon dira eta beste batzuetan joan eta etorri ibili da argindarra. Udaletxean, esaterako, argindar barik egon dira tarte batean.

Haize-ufadek beste zuhaitz bat erortzea eragin dute. Honakoa ere Kanpanzar bidean baina herrigunetik gertuago; Elgetatik Asentziorako bidean Zaldunborda parean, gutxi gorabehera.

Herrigunean hainbat eremu hesitu ditu Ertzaintzak; izan ere, teilak jausi dira. Une honetan itxita dago Berraondokotik Salbador kalera sartzeko pasabidea.

Torrealdean ere sortu dira zenbait arazo. Kanaleta bat jausi da eta kaleko beheko aldeko errepide kontran dauden aparkalekuak ezin dira erabili. Hesituta daude.

Haize-boladen eragina ez da bakarrik Elgetan sumatu. Debagoienean beste zenbait herritan ere egon dira gorabeherak.

Tenperatura jaitsiera

Euria izan da arratsaldean eta tenperaturak nabarmen egin du behera. 24,3 gradu markatu AEMETen estazioko termometroak goizean eta 13,4 arratsaldean. Hau da, 11 graduko jaitsiera egon da.

Haize-ufadak, ordea, gutxitu egin dira eta adituek diote biharko eguna lasaiagoa izango dela alde horretatik. Hori bai, tenperatura asko jaitsiko da. "Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da eta egunean zehar baretzera egingo du, nahiz eta goizaldean oraindik bolada gogor batzuk izan. Giro aldakorra izango da eta tarteka zaparradak botako ditu, sarriago ipar isurialdean. Tenperatura maximoak asteazkenekoak baino 8 gradu baxuagoak izango dira ipar isurialdeko zenbait lekutan", dio Euskalmeten iragarpenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak