Debagoienean intzidentzia batzuk eragin ditu haizeteak. Elgetan, esate baterako, Asentziora bidean, Olatza baserriaren parean, zuhaitz bat erori da errepidera; horrez gain, zonalde batzuetan ez dute argirik, eta beste batzuetan joan eta etorri dabil. Iberdrolak jakinarazi duenez, argindarra bermatzeko lanetan dabiltza, baina horrelakoak gerta daitezkeela ohartarazi du.
Meteorologia agentziak emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, 350 intzidentzia erregistratu dituzte atzoko 21:00etatik gaurko 13:00ak arte, batik bat, Bizkaian. Horrez gain, 21 trafiko istripu gertatu dira haizeteek eraginda.
Datozen orduetako iragarpenari dagokionez, haizea are gehiago zakartuko da arratsaldeko lehen orduan, eta lekurik haizetsuenetan 120 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete haize boladek; gainerakoetan, 100 kilometro ordukoa. Iluntzean, berriz, euria eta zaparradak egin ditzake, fronte sistema batek lurralde osoa zeharkatuko duelako.