Sagardo eguna, udazken jaia, baserritarren azoka... Askotariko izenak izan ditu irail erdialdean Elgetan egiten duten ospakizunak. Aurten irailaren 21ean ospatuko dute eta ohiko osagaiak izango ditu: tokiko ekoizleen azoka (10:30), umeendako tirolina udaletxetik plazara (10:30), Intxortako igoera (11:00) eta patata tortilla lehiaketa (18:00).
Nobedade nagusia, aurten, gaueko kontzertuak izango dira. Espaloia kafe antzokian izango dira 21:30ean hasita eta Bengo, DMT, Emeka, Golden 21K, North School eta Etxepe arituko dira. Ondoren, eta goizera arte DJ Oier Mendizabal arituko da.
Sarrerak eta izen-emateak
Kontzertuetarako sarrerak salgai daude 15 eurotan. Salmenta puntuak dira: Elgetako Janela taberna, Arrasateko Osorik taberna, Bergarako Arrano taberna eta Eibarko Katu kale taberna.
Azokan postuan ipini nahi duten ekoizleek hilaren 18ra arteko epea dute udaletxean izena emateko. Iaz dozena bat postuk hartu zuten parte eta antzerako zenbakietan ibiltzea aurreikusten dute antolatzaileek. Izen-emateak itxitakoan egingo da postuen kokapenaren zozketa.
Intxortako XXVII. igoera ere jokoan izango da hilaren 21ean. 11:00etan hasiko da eta ohikoa den moduan izen-ematea egunean bertan egin beharko da. Hiru kategoria izango dira aurten ere: 12 urtera artekoena (Salbador ermitara), 12-16 urtekoena eta 16 urtetik gorakoena.
Patata tortilla lehiaketarako izen-ematea laster zabalduko dute. Parte hartze handiko ekintza izan ohi da herrian. Iaz 25 talde aritu ziren eta Hondarribi taldea izan zen garaile nagusia.