Mendeurrena ere Elgetan ospatu da

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko mai. 21a, 14:36

Elgetako plaza beteta, mendizaleen topaketa batean 1935eko apirilaren 7an.

Elgetan sortu zen Euskal Mendizale Federazioa, 1924ko maiatzaren 18an. Urteurren garrantzitsu guztietan moduan, euskal mendizaleak Elgetan elkartu ziren mendeurrena ospatzeko. Premia eta erronka nagusiak aldatu egin dira, baina mendiarekiko zaletasuna eta elkartuta egotearen garrantzia nabarmendu dituzte ordezkari nagusiek ospakizun garrantzitsuaren bezperan.

Puntua aldizkariaren 411. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Menditsua da Euskal Herria eta historiaurreko artzainen presentziaz aztarna ugari daude. Kirolarekin eta zientziarekin lotutako mendizaletasuna, ordea, berantiarragoa da. Frantzian eta Italian lehenago hasi zen mugimendua. Euskal Herrira etorrita, Anton Abadiak 1847an zapaldu zuen Etiopiako Karnj tontorra, eta 1898an sortu zen Frantziako Mendi Taldearen Euskal Sekzioa, Baionan (Lapurdi). Bidasoaren alde honetan bizkaitarrak izan ziren lehenak modu masiboan mendizaletasunaren onurak baliatzen. "1912an sortu zen Bilbao Kirol Elkartea. Jendea pilatuta bizi zen eta orduko jarduera industrialak osasun arazo larriak eragiten zituen. Batzuk ohartu ziren mendiarekin lotutako jarduerak onuragarria zirela esparru askotarako. Tartean zen euskal mendizaletasunaren sortzailetzat jotzen den Antxon Bandres Azkue", azaldu du Antxon Iturriza ikertzaileak. "Hasiera batean, jarduera klasista izan zen; gutxi batzuek bakarrik zuten nahikoa denbora eta baliabide mendira joateko, baina poliki-poliki jarduera jendarteratzen joan zen, eta oso jendetsuak izan ziren irteera asko egin ziren Bilbo aldean".


Elgetako udaletxea apainduta, Euskal Mendizale Federazioaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldian, 1949an.

Mendi talde asko sortu ziren, eta, horrekin nahikoa ez, eta Euskal Mendizale Federazioa sortu behar zela tematu zen Bandres. Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako taldeak elkartuko zituen federazioa nahi zuen. Makina bat prestaketa bileraren ostean erabaki zuten Elgeta izango zela mendizaleen topalekua federazioa sortzeko. Eguna ere jarri zuten: 1924ko maiatzaren 18a.

Trenez, oinez edo bestela... Elgetara!

Kronikek diote 4.000 lagun elkartu zirela Elgetan. "Argazkiak ikusita ez dut uste hainbeste izango zirenik, baina jende asko elkartu zen", dio Iturrizak. "Aukeratu zuten Elgeta gune menditsua delako, geografikoki erdigunean dagoelako eta tren konexio onak zeudelako Elorriora eta Eibarrera. Bilbotik zerbitzu bereziak jarri zituzten, eta kalkulatzen da 800 bat lagun heldu zirela. Arabarrak autobusean iritsi ziren Kanpanzarrera. Oinez egin zuten gehienek Elgetarainoko bidea".

57 mendi-talderen atxikipenarekin sortu zen federazioa: bizkaitarrak 29, gipuzkoarrak 22, nafarrak hiru, arabarrak bi eta Bartzelonako Solar vasco-navarro taldea. Debagoieneko lau talde ziren tartean: Bergarako Beti Bat eta Alkartasuna eta Arrasateko Amaika Bat eta CD Mondragon. 11:00etan meza esan zuen Felipe Zubeldia abadeak Asentzioko ermitan. Bitartean, Bandresek eta konpainiak eratze-batzarra egin zuten herrian. 12:00etan irten zen Bandres plazako ostatuko balkoira hitzaurrea egitera. Jendez lepo zegoen Elgeta. Bazkaria heldu zen gero; 84 lagun elkartu ziren orduko Espaloia pasealekuko zuhaitzen itzalpean jarritako mahaien bueltan. Ojanguren eibartarrak ateratako argazkiak dira lekuko. Gainerako mendizaleek –gehienak– etxetik eramandakoa jan zuten, edo Andetxaga, Ulazia, Baraibar eta Elkoro etxeetan bost pezetaren truke emandako menua. Erromeria batekin amaitu zen festa. 18:00etarako mendizale gehienak etxerako bidean ziren, ekitaldi historiko batean parte hartu izanaren uste osoarekin.

MENDI ELKARTEAK HERRIA SORRERA URTEA BAZKIDE KOPURUA
Pol Pol Mendizale Taldea Bergara 1942 940 bazkide
Gorla Alpino Taldea Bergara 1947 150 bazkide
Besaide Mendizale Elkartea Arrasate 1957 2.025 bazkide
Aloña Mendi Elkartea Oñati 1967 1.035 bazkide
Arrola Mendizale Elkartea Antzuola 1972 441 bazkide
Orixol Mendi Taldea Aramaio 1972 233 bazkide
Zaraia Mendizale Taldea Aretxabaleta 1984 60 bazkide
Murrukixo Mendi Taldea Aretxabaleta 1987 452 bazkide
Debagoieneko eskalatzaileak MKE Arrasate 2008 80 bazkide
Kantsatzeke Mendi Taldea Elgeta 2011 77 bazkide
Intxortako Ahutzak Trail Elgeta 2019 23 bazkide

Hainbat egitasmo egin zituzten lehen urteetan: mendi martxa eta lehiaketa asko antolatu zituzten, azpiegitura berriak sortu ziren, Pyrenaica aldizkaria 1926koa da... Gure eskualdean, Elgetako Udalak 1924ko ekainean onartu zuen Mendizaleen Plaza izendapena herriko plazarendako, Urbiako ermita 1924ko irailean inauguratu zuten eta hango fonda, 1925ean.

Euskal mendizaletasunaren hiriburua

1926an eta 1928an ere Elgetan elkartu ziren euskal mendizaleak: 69 elkarte eta 3.000 federatu. Laster sortu ziren lehen liskarrak. Lurralde delegazioen autonomia babestu zuen gehiengoak eta sorrerako presidente Antxon Bandresek dimisioa aurkeztu zuen. Emakumeak elkarteetan gizonen baldintza beretan onartzea ere ez da borroka samurra izan.

Aro oso nahasiak izan dira ehun urteotan: Errepublikako urte nahasiak, 36ko gerra, ia 40 urteko diktadura, trantsizioa... Haizeak alde jo du batzuetan eta kontra beste batzuetan, baina federazioak aurrera egin du beti. Arrazoi nagusia: beti izan direla mendizaleak Euskal Herrian; tartean, balentria entzutetsuak egin dituzten espedizioak.

Federazioak Elgetan ospatu ditu beti urteurren garrantzitsuenak: 25, 50, eta 75. urteurrenak. Gaur egun, bi erakundetan banatuta dago: EAEko lurraldeak bere baitan hartzen dituen Euskal Mendizale Federazioa eta Nafarroako Mendi Federazioa.

Alvaro Arregi: "Inoiz baino jende gehiago dabil mendian"

Euskal Mendizale Federazioko presidente izandakoa

Bi debagoiendar izan dira federazioko presidente: Joxe Mari Leturia oñatiarra eta Alvaro Arregi arrasatearra. 2012tik 2013ra egon zen karguan Arregi.

Aberatsen afizio moduan jaio zen mendizaletasuna?

Argi eta garbi. Zazpi eguneko lan asteak eta askotariko premiak zeuden garaian aberatsak bakarrik egoten ziren mendira begira. Gero hedatu zen kontua.

Mendizaletasuna eta abertzaletasuna bat dira?

Esango nuke askotariko koloreak izan direla federazioan. Askoren artean, Pedro Otegi Pedrotxo-ri gertatutakoa datorkit burura. Legalizatu aurreko garaietan eta Juan Ignacio Llorente Everest espedizioko buru zela mendizale talde batek ikurrina atera zuen aurretik igo gabeko Aconcaguako tontor bat zapaldu zutenean. Pedrotxo-ren dimisioa eskatu zuten Madrildik. Lantalde osoak dimititu zuen. Izan dira horrelako batzuk.

Boluntario falta omen dago.

Noiz egon dira? 25 urterekin sartu nintzen presidente Besaiden, eta sartu nintzen beste inor ez zegoelako.

Zein funtzio izan beharko lukete mendi taldeek?

Unean uneko lantaldeak erabakitzen duena. Ez gara nor gauzak nola egin behar diren esateko. Formakuntza eta jakintza inoiz baino handiagoa da eta gero eta jende gehiago dabil mendian. Sortzen diren problematikei erantzuna eman behar zaie. Hori da egitekoa.

Mikel Otero: "Astero dugu harremana federazioarekin"

Aloña Mendi Kirol Elkarteko idazkaria

Zuzendaritza hilero elkartzen da Oñatiko Atzeko kaleko egoitzan. Hamahiru sail ditu elkarteak, eta horien artean dago mendiarekin lotutakoa. Bost lagun dira lantaldean. "Gizarte hobe eta orekatua bultzatzea eta naturaren aldeko jarrerak bultzatzea dugu helburu. Horrez gain, talde gisa ditugun interesak instituzioen aurrean defendatzea, bazkideen zalantzei eta beharrei erantzutea eta mendi diziplinetan jendea trebatzea", dio Mikel Oterok.

Hileroko irteerak, zeharkako eskien irteera gidatuak, GPS ikastaroak eta Mendi Hamabostaldia dira jarduera arrakastatsuenak. Erakusketak eta eskola kiroleko ekintzak ere egiten dituzte. "Material mailegutzak ere harrera ona du. Kranpoiak, pioletak, erraketak... ditugu uzteko".

Elkartuta, indartsuago

"Asko gara elkartean, baina gutxi zuzendaritzan. Gazteak federatzen dira asegurua lortzeko; talde txikietan ibiltzen dira, eta askok maila handia dute. Ez dute elkartearen beharrik ikusten". Oñatiarrek harreman estua dute federazioarekin. "Astero dugu hartu-emana, posta elektronikoz. Saiatzen gara batzarretan parte hartzen, baina, gutxi garenez, ezin gara denera heldu. Elkartuta egotea, dena den, garrantzitsua da arlo juridikoan zein teknikoan aurrera egiteko, instituzioen aurrean gure interesak defendatzeko eta aseguru- estaldura onak lortzeko".

Jose Kruz Ibarguren: "Garrantzitsua da federatuta egotea"

Pol Pol Mendizale Taldeko presidentea

Bergarako San Pedro kalean dute egoitza eta hamabostean behin elkartzen da zuzendaritza –bost lagun–. Sei sail dituzte: beteranoak, gazteak, Ankaluze –mendi lasterketak–, eskalada, Mendia Bizirik eta mushing-a. "Gure helburua mendizaletasuna bere atal guztietan sustatzea da", azaldu du Joxe Kruz Ibargurenek. Urte gehien dituen Debagoieneko mendi taldea da eta jarduera nagusien artean daude beteranoentzako eta gazteentzako irteerak. Horrekin batera, bazkideen federatze tramiteak egiten dituzte, mendizaletasuna sustatzen dute eskoletan, Bergarako osasun sarean hartzen dute parte eta antolatzen dituzte Mendi Astea, Boulder txapelketa eta Ankaluze Trail mendi lasterketa. Horrez gain, Ehun Miliak proba antolatzen ere laguntzen dute.

Federatuta, babestuago

"Beterenoentzako irteerak dira arrakastatsuenak; elkarteko sailik dinamikoena da. Mendi taldeak gero eta ahulago daude, nahiz eta mendizaletasuna puri-purian egon. Gazteengana heltzea oso zaila da". Pol Poleko zuzendaritzak aktiboki hartzen du parte bai Gipuzkoako Federazioan bai Euskal Mendi Federazioan. "Garrantzitsua da federatuta egotea; aseguru aldetik ondo babesten gaituzte, plangintza asko egiten dituzte, eta markatzen dituzte GR bideak eta eskalada-bideak".

Olatz Igartua: "Elkartuta egoteak onura handiak ditu"

Besaide Mendizale Elkarteko presidentea

Arrasateko Garibai etorbideko egoitzan elkartzen da hilero zuzendaritza –bederatzi lagun–. Hauek dira haien jarduera nabarmenenak: hileroko irteerak, non gero eta jende gehiago elkartzen den; Mondranbike martxa, non 300 bat lagun elkartzen diren; bi urtean behin egiten duten Aiba mendi martxa; eta aurten berreskuratu duten gazteen irteera Pirinioetara. Gainera, Leixargarateko aterpeaz arduratzen dira, eta bultzatzen dituzte mendiko eskia –lau irteera urtean; tartean, astebete Alpeetara– eta espeleologia.

Helburuak eta erronkak

"Mendizaletasuna eta euskara sustatzea dugu helburu. Horrekin batera, mendizaleen elkargune izatea, irteerak antolatzea eta informazioa zabaltzea", azaldu du Igartuak. Mendian ibiltzeko moduak aldatzen doazela dio. Lasterketak modan daude, eta hori gailentzen da orain. Errelebo faltarekin ere kezkatuta dago.

Euskal federazioa

Besaidek Euskal Mendizale Federazioan parte hartzen du: "Urtean egiten diren bi batzar orokorretako batean izaten gara, gutxienez. Elkartuta egoteak onura handiak ditu: alde batetik, elkarrengandik ikasten dugu; eta, bestetik, federazioko asegurua izatea garrantzitsua da. Poltsa bat sortzen dugu guztion artean, eta beharra dutenendako asistentzia handiagoa izaten laguntzen du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak