Aspaldiko ezaguna da Elgetan Aitziber Otegi (Asteasu, 1982). Sortu zenetik ezagutzen du bertako baratze-parkea.
Sanisidrotan landatu ohi dira to- mateak; Elgetan ere bai?
Argi dago Elgetak duen kokalekua dela-eta landaketa garaiak atzeratu egiten direla. Hala ere, landaketa garaiarena egiten duen eguraldiaren arabera zertxobait aurreratu edo atzeratu dezakegu. Aste honetan euria eta fresko egin duenez, nik datorren astera arte utziko nuke eta datorren astean eguraldi ona egiten badu orduan landatu. Baina landaketa garai egokiarena ez da zientzia zehatza, eta urtearen arabera aldatzen doa.
Izozteak dira landare-tomatearen etsai nagusietako bat?
Izozteek eta hotzak landaketa garaia baldintzatzen dute, baina hortik aurrera hezetasuna eta tenperatura epelen konbinazioa izaten da etsairik handiena, gorrinari –mildiua– egiten baitio mesede.
Zeintzuk dira zaintza gomendio garrantzitsuenak Elgetarako eta ekologikorako?
Gorrina ingurune hauetan dugun hezetasun handia dela-eta ateratzen da. Beraz, hori ekidin behar dugu. Tomate-landarea gutxi ureztatu behar da, landatzerakoan espazio nahikotxo utziz landatu behar da eta altsumak edo txupoiak kendu behar dira. Hala ere, tomateek gorrina harrapatuko dute eta kobrearekin tratatu beharko ditugu; neurrian, noski.
Zenbat tomate barietate landatzen dira gure inguru honetan?
Azken urteetan lortu ahal ditugun tomate barietateak asko ugaritu dira. Bakoitzaren gustuen arabera aukeratu ahalko dugu. Zaporeari garrantzia ematen diogun, produkzioari, berezia izateari... Horren arabera, denetarik dago; tomate beltzak, urdinak, horiak, gozoak, mami asko dutenak...
Ohikoenak edo gurean ondoen ateratzen direnak zeintzuk dira?
Gorrinari egokien aurre egiten diotenak Cherry tomateak izaten dira, baina jende askok ez ditu askorik estimatzen. Gainontzean, eta lehen aipatu dudan bezala, gustuen arabera gehiago izaten da barietate bat aukeratzeko orduan.
Tentatuko zenuke jendea beste barietate batzuk probatzera? Zeintzuk?
Bai; ni beti saiatzen naiz jendeak tomate barietate eta barazki proba ditzan. Gero, bakoitzak erabaki dezala zein duen gustukoen. Tomate beltzak probatzera animatuko nituzke... Izan ere, oso zapore gozoa eta berezia edukitzen dute.
Zenbait gomendio lagungarri
Gipuzkoako altitude handienetako herrietako bat da Elgeta. Leku hotzagoa da eta izozteak, esaterako, Zarautzen baino geroagora arte gertatzen dira. Tomatea, bestalde, ez da hemengo landarea eta hezetasuna ez du gustuko. Uda zenbat eta lehorragoa izan, orduan eta arazo gutxiago.
Kalkulatzen da 1.320 hazi barietate daudela inguruko hazitegietan. Erabilienak, orain arte, Jack, Robin eta Raf izan dira. Gipuzkoan hamar bat barietate daude autoktono moduan kontsideratzen direnak. Aretxabaletako tomatea Mozkorra, Getaria aldeko Loidi eta Azkoitiko Korta dira ezagunenetakoak. Kimubat-eko lagunen proposamena da betiko tomatea landatzeaz gainera lursailaren zati bat barietate berriekin aproba egiteko erabiltzea.