Saio irekia urmaelaren bioaniztasunaz jabetzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko mai. 3a, 07:03

Eskolako ikasle taldea urmaelean lanak egiten.

Bada urte eta erdi San Roke osteko urmaela egin zela. Eskolen Urmaelen Sarean kokatua, hainbat jarduera didaktiko egiten dituzte bertan eskolako umeek. Aranzadiko bi aditu izango dira gaur Elgetan habitat txiki honen garrantzi handiaz berba egiteko.

Udalaren ekimenez, Aranzadi Zientzia Elkartearen gidaritzapean eta eskolarekin elkarlanean egin zen urmaela 2022ko urrian. Ordutik, espazio didaktikoa da ikasleendako. "STEAM jarduerei leku erreala eta esanguratsua emateko aukera da, eta ikerketa proiektu gisa metodo zientifikoaren ikaskuntzan zein ingurumen hezkuntzako jardueretan erabat osagarri", azaldu du zuzendaritzak.

Eskolatik sarri joaten dira urmaelera. Neurtzen dituzte uraren kantitatea eta tenperatura, erreparatzen diete urtaroek eragiten dituzten aldaketei, bilatzen eta izendatzen dituzten intsektuak eta landareak... "Ikasleen motibazioa eta jakin-mina pizten ditu, eta familiengan ere bai. Aurreko ikasturte amaierako balorazioan, proiektuaren inguruan gehiago jakiteko nahia jaso genuen familiengandik. Saio ireki hori antolatu dugu behar edo nahi horri erantzuteko", gaineratu dute.

Bi atal izango ditu saioak

Herritar guztiei zabalik, 16:30ean hasiko da gaurko jarduera, eskola atarian. Aranzadi Zientzia Elkarteko bi adituren eskutik Uraren hegoak erakusketa ikusteko aukera izango da. "Sorgin-orratzen gaineko erakusketa da. Bioadierazleak dira eta eltxoen etsai nagusiak dira", azaldu du Aranzadiko herpetologo Ion Garinek. Adituak dio jendeak sarri eltxoekin lotzen dituela urmaelak eta hortik datorrela hezeguneekiko dagoen mesfidantza handia. "Askok beldur handia diete eremu horiei, baina esan behar da urmaela osasuntsu badago bioaniztasuna handiagoa dela eta horrek sorgin-orratzen edo burruntzien ugaritzea dakarrela".

Garinek gaineratu du urmaelaren bueltan eskolak denbora honetan zer-nolako lana egin duen ere erakutsiko dutela erakusketaren bitartez.

Saioko bigarren zatia urmaelean egingo dute: "Urmaela ez da putzu soil bat. Ondo begiratuz gero, ikusiko dugu eremu bizia dela. Jendeak, gehienetan, anfibioekin lotzen ditu urmaelak, baina landaredi handia dago eta intsektu txiki asko. Hezeguneek duten aberastasunaren inguruan arituko gara. Laginketak ere egingo ditugu".

Habitat galduak

Aranzadi Zientzia Elkarteko adituak gogorarazten du urmaelak habitat galduak direla: "Asko eta asko lehortu egin dira, gizakiak beti hartu dituelako eremu lauak bere erabilerarako". Gogorarazi du hezegune gutxi daudela eta horiek berreskuratzeko lanean dabiltzala Aranzadin. "Batzuetan, egiten dira biodibertsitatearen kontserbaziorako; eta beste batzuetan, Elgeta kasu, ikasteko eremu moduan. Oso espazio txikian bioaniztasun handia elkartzen denez, urmaelak puntu oso egokiak dira azterketarako zein sentsibilizaziorako", azaldu du Garinek.

Eskolen Urmaelen Sarean dago Elgetako urmaela: "Helburua da ikasleak izatea ikertzaileak edo zientzialariak, eta oso ondo erantzuten dute, gehienetan.

Aukera handiak ematen ditu urmaelak; izan ere, lanketa guztiak ez du zertan izan natur zientziekin lotutakoa. Neurtu daitezke hainbat parametro fisiko eta kimiko, zenbat euri egin behar duen urmaela ez lehortzeko... Baina euskara ere landu daiteke. Espezieak galtzen dira, eta izenak ere bai, eta tokian tokiko landare eta intsektu izendegiak lantzen ditugu. Urmaelak ekosistema oso dinamikoak dira, eta bilakaera oso azkarrekoak, gainera. Aldaketak urtetik urtera ikus daitezke. Ez dago aspertzerik".

Eremu bizia bezain didaktikoa

2022ko urrian egin zuten urmaela auzolanean eta euri urarekin bete zen gero. Landareen eta intsektuen bizilekua da ordutik. Ikusgaitzak dira eta oharkabean pasatzen dira, baina animaliak ere badaude. Gaur emango dituzte azalpen gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak