Elgetako Mendizaleen plaza mukuru bete da, Intxorta 1937 kultur elkarteak eta Elgetako Udalak antolatu duten Memoria Egunaren baitan. Aurten, Elgetako errepresaliatu erresistenteei eskainia izan da eguna, langile batailoietako presoak edo langile behartuak izango dituzte gogogoan.
Ekitaldi xumea bezain hunkigarria izan da eguerdikoa. Udaletxeko fatxadan, Regiones devastadas dioen plakaren ondoan, errepresaliatuen izen-abizenak daraman plaka bat jarri dute, eta, ekitaldi hasieran berau bistaratu dute, txalaparta doinuez lagunduta. Plaka horrek, ehundik gora errepresaliaturen izen abizenak eta 40tik gora hildakoren izen-abizenak jasotzen ditu.
Plaka bistaratzeaz ez ezik, ondoren, plaka horretan ageri diren izen-abizen guztiak esan dituzte. Hauek esan bitartean, gonbidatuta zeuden biktimen senitartekoek, euren familiakoen izena entzutean, banan banan gerturatu dira lore eskaintza egitera.
Juan Ramon Garai Intxorta 1937 kultur elkarteko kideak errpresaliatuei aitortza egitea beharrezkoa zela azaldu du: "Uste dugu, Regiones devastadas dioen plaka hori ez zela kendu behar, baina, era berean, argi genuen, elgetar errepresaliatuen eta resistenteen izenak, plaka horren alboan egon behar zirela. 15o izen aurkitu ditugu, baina ziur gehiago daudela".
Senitartekoak, 'hunkituta'
Ekitaldira hurbildu diren senitartekoekin egoteko aukera izan du Goienak, eta, hirurak 'hunkituta' agertu dira, euren senitartekoen izenak entzun dituztenean. Ane Miren Alberdi Zubiaerrementeriak aitaren izena entzun du, eta, dio, omenaldiak egiteko "berandu" den arren, aitortu du eskertzen dela "aitortza" bat egitea hurrengo belaundaldientzat.
Belen Maiztegi Garai-ren kasuan, aita, eta, amaren hiru anai izan ziren errepresaliatuak. Izenak entzutean "emozionatu" egin dela adierazi du, "eskertuta" agertu da jarritako plakarekin. Bere haizpa Mari Carmen Garai Maiztegi ere 'hunkituta' zegoen ekitaldi amaieran, eta, aitortu du izenak entzutean, "ikusten ez direnak" berriz agertu direla euren alboan.