Ibon Unzetabarrenetxea: "Errealitatera egokitzen da aurrekontua, eta anbizio handikoa da"

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko ots. 9a, 18:30

Aurreko agintalditik datozen proiektuak gauzatzen amaitu eta lehen aurrekontua prestatzea izan dira alkatearen hilabeteotako zeregin handienak. Herria hobetzen jarraitzea eta Udalaren egoera ekonomikoa saneatzen joatea dira erronka nagusiak.

Egunotan bete da urtebete Elgetako EH Bilduko herri batzarrak maiatzeko udal hauteskundeetarako alkatetzarako hautagai izango zela jakinarazi zuela. Hauteskundeetarako prestatu, kanpaina egin, hauteskundeak irabazi eta alkate da ekaina ezkero Ibon Unzetabarrenetxea (Elgeta, 1993). Urte "intentsua" izan dela adierazi du, eta ikasketa prozesu handia.

Agintaldiko lehen erabakiak

Udal tasen eta ordenantza fiskalen %1,9ko igoera orokorra onartzea eta aurreko agintalditik etorritako proiektuak gauzatzen joatea izan dira lehen zeregin garrantzitsuenak –Arantzetara ura eramatea eta pumptrack-gunea– .

Udalbatzak, bestalde, berriki onartu du 2024ko udal aurre -kontua; agintaldiko lehenengoa. "Errealitatera egokitzen den aurrekontua da, eta, aldi berean, anbizio handikoa. Azken urteotako aurrekontu handiena da kopuruz [ia bi milioi euro], eta horrek adierazten du badagoela gogoa gauzak egiteko". Sarrera arruntekin ez dira, ordea, gastu arruntak estaltzen. "Kezkagarria da, baina udal baliabideak ondo kudeatu beharko ditugu, eta udal tasak eta zergak berrikusi. Sarrera gehiago ere topatu beharko ditugu", esan du alkateak. Udalaren soldata politikaren inguruan galdetuta, alkateak esan du pertsonal gastua txikia dela; izan ere, Udalak ez du teknikaririk. "Uste dut, bestalde, positiboa dela langileen soldatek gora egitea. Nik gehiago igoko nituzke, baina ezin dugu, sarrerek ez dutelako ematen".

Ura Arantzetara

Aurrekontuko inbertsio nagusia Arantzetara ura eramateko proiektuak jasoko du –75.000 euro–. "Aurreko agintalditik datorren proiektua da. Ezin izan zen 2023an gauzatu, eta 2024ko aurrekontuan txertatu behar izan dugu", esan du alkateak.

Pumptrack-gunea

Aurrekontuan, bestalde, 72.593 euro aurreikusi dira pumptrack-gunerako. Proiektuak osorik 100.000 euroko inbertsioa ekarri du. "Pozik gaude. Nekeza izan da gauzatzea, baina gauzaberria da herrian, eta jendea etengabe dago galdezka ea noiz zabalduko dugun. Aste honetan izango da. Uste dugu, gainera, kanpoko jendea ere erakarriko duela Elgetara".

San Roke kaleko irisgarritasuna

Obretan da kalea. "Ur zikinak eta euri urak banatzen ari dira. Urteetako eskaera da. Lanak amaitzen direnean egingo ditugu irisgarritasun lanak: gaizki dauden baldosak konpondu, eta bestelakoak". Alkateak aurreikusten du bizpahiru aste iraungo dutela oraingo obrek, eta ondoren hasiko ditu Udalak irisgarritasun lanak.

Eguneko zentroa eta jangela

Udalak 26.000 euroko inbertsioa aurreikusi du eguneko zentroa eraberritzeko. "Mugitzeko espazio falta dutela adierazi zuten eguneko zentrotik aspaldi, eta arkitektoekin aztertu dugu egoera. Planteatzen duguna da espazioa berrantolatzea", dio alkateak. Jangela proiektuak ere aurrera egingo duela dirudi. "Arkitektoak kontratatuko ditugu proiektua lantzeko. 12.000 euro bideratuko ditugu aurten horretara. Erabilerarik gabe dagoen Espaloiko jantokira pasa nahi dugu eskolako jantoki zerbitzua, eta jakin nahi dugu egingarria den. Ideia da kafe antzokiko sukaldea erabiltzea eskolako jantoki zerbitzuko sukalde moduan. Umeek bertan prestatutako janaria jango lukete".

Kiroldegiko bigarren solairua

Agintaldiko proiektu izarra da eta 8.772 euroko diru-lerroa du 2024rako. "Proiektu oso potentea da; diru asko jarriko dugu bertan. Une honetan ikusi nahi dugu norainoko anbizioarekin jokatu dezakegun. Arkitektoek definituta dute non zer kokatu, eta gure asmoa da herritarrekin kontrastatzea. Dena ondo badoa, akaso, agintaldi amaierarako eduki dezakegu bigarren solairu bat kiroldegian". Erabilera askotariko bi gela, gimnasia gela bat eta rokodromo bat egitea da asmoa.

Garraio publikoa

Alkateak argi du zerbitzua hobetu egin daitekeela. "Herri txikia gara eta uste dut ez gaituztela kontuan hartzen. Orain dela gutxi ireki genuen galdetegi bat adinekoendako, eta eskaeretako bat zen Arrasateko ospitalera joateko zerbitzua. Bagabiltza lanean. Debagoieneko alkate guztiak joan ginen Aldundira Azahara Dominguezekin hitz egitera, eta hainbat kezka helarazi genizkion. Laster zabalduko dugu prozesu bat herritarren proposamenak jasotzeko. Jakin nahi dugu zelan hobetuko luketen zerbitzua. Helaraziko ditugu erantzunak Aldundira, eta ea, behingoz, mugikortasun efiziente bat lortzen dugun".

Lan giroa oposizioarekin

Oposizioarekin harreman ona dagoela esan du Unzetabarrenetxeak, eta hori eskertzekoa dela. "Iker Lakarekin harreman zuzena daukat: edozer gauza denean elkarri deitzen diogu eta berba egiten dugu. Bakoitzak, noski, bere ideiak ditu, baina errespetuz helarazten ditugu, eta uste dut hori garrantzitsua dela, eta ona herriarendako. Hasieratik esan genuen elkarlanean arituko ginela, eta horretan ari gara; proposamenak egiten dizkigute eta landu egiten ditugu. Gure aldetik ere proposamenak jasotzen dituzte. Uste dut agintaldi polita izan daitekeela bien arteko elkarlanean".

Hamaika batzorde

Aurretik zegoen batzorde kopuruari Berdintasun batzordea gehitu zaio agintaldi honetan. Elgetaren tamainarako asko ez ote diren galdetuta, alkateak esan du herritarren mesedetan dela: "Erosoago etortzen dira intereseko gai konkretuak lantzen diren batzordeetara. Batzordeak tresna ezin hobeak dira proposamenak egiteko. Ikusiko dugu emaitza zein den". Horrekin batera, Unzetabarrenetxeak uste du Berdintasun batzordea ezinbestekoa dela eta haren lekua eduki behar duela.

Pozik da alkatea, Elgeta "berpizten" ikusten duelako. Hala adierazi dute herritarrek Harira saiorako egindako inkestetan, eta ados da alkatea: "Gauzak antolatzen ari gara Udaletik, eta herriko eragile asko ere indarra hartzen ari dira. Oso garrantzitsua da herriarendako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak