Zuzentzea aurreikusten den udal aurrekontua

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko ots. 2a, 08:30

None

Elgetako udalbatzak 1.998.919 euroko aurrekontua onartu du asteon. Agintaldiko lehenengoa da eta Ibon Unzetabarrenetxea alkateak azaldu moduan aspaldiko udal aurrekontu handiena da. Oposizioaren abstentzioarekin atera da aurrera aurrekontu-proposamena. Kontu "kontinuistak" eta "proiektu estrategikorik gabekoak" direla diote jeltzaleek.

Martitzenean elkartu zen Elgetako udalbatza, eta udal ordezkariek agintaldiko lehen udal aurrekontua onartu zuten. 1.998.919 euroko aurrekontu-proposamena aurkeztu zuen EH Bilduk; iazkoa baino %10,97 handiagoa. Langile gastuak eta gastu arruntak %65 dira; inbertsioen atala, berriz, %15,4 –iaz baino %21,15 handiagoa–.

Oposizioak bi datu nagusi nabarmendu zituen: sarrera arruntekin ez direla gastu arruntak estaltzen –Udal Gobernuak 100.000 euroko mailegua eskatzea jaso du aurrekontuan– eta beste erakundeekiko menpekotasuna gero eta handiagoa dela; izan ere, aurreikuspena da sarreren %49,33 –986.233 euro– Gipuzkoako Foru Aldundiko Diru Funtsetik etortzea.

Egoera ekonomiko estua

Balorazioak balorazio, bi alderdi politikoetako udal ordezkariak bat datoz gauza batean: Udalaren egoera ekonomikoa estua dela. "Guri ere kezkagarria iruditzen zaigu gastu arruntek sarrera arruntak gainditzea. Horregatik, sarrera iturri berriak lantzen ari gara", azaldu zuen alkateak. "Baina hori da errealitatea. Kitatzeko dauden zorrak, egiteko dauden mantentze-lanak eta aurreko agintalditik amaitu barik gelditu diren proiektuak –Arantzetara ura eramatea eta pumptrack-gunea– ordaindu egin behar dira. Gustatuko litzaiguke guri ere lau urteko proiektuak jartzea eta horiek gauzatzen joatea, baina muga hori ere existitzen da. Zuen ustez, aurrekontua ez da errealista. Nire ustez, ondo islatzen du Udalaren egoera ekonomikoa zein den".

Oposizioak uste du udal zergak eta ordenantza fiskalak ez igotzeko politikaren ondorioa izan daitekeela defizit egoera, neurri batean. Bestalde, aurrekontua lantzeko metodologia ere zalantzan jartzen dute jeltzaleek. "Aurrekontu kontinuista da; portzentajezko igoerak egiten dira. Aurreko urteko zifrak hartzen dira eta KPIaren araberako igoerak planteatzen dira. Eta eskatzea aurreikusten ez duzuen mailegu bat planteatzen duzue gastu arrunta finantzatzeko. Likidazioak zuzendu dezake hori, baina sarrera arruntekin gastu arruntak ez estaltzea da udal batek eduki dezakeen larritasunik handiena", ohartarazi zuen jeltzaleen bigarren bozeramaile Mikel Larreak.

Inbertsio nabarmenenak

Udal Gobernu berriaren lehen aurrekontua izanik, ikusteko zegoen diru-partidak banatzerakoan zein apusturen alde egiten zuen. Baserritarren batzordeko inbertsioak alde batera utzita, San Roke kaleko irisgarritasun lanak, eguneko zentroa eraberritzea, jangela proiektua eta kiroldegiko bigarren solairua egiteko proiektuarekin hastea dira lan-lerro nagusiak. "Diozue ez dugula proiektu estrategiko argirik, baina uste dut programan jasotako puntuak islatzen direla argi eta garbi inbertsioetan: kiroldegiko bigarren solairua adibide bat da, eskolako jangela beste bat da, eta, azkenik, eguneko zentroa berritzeko apustua ere azpimarratu nahiko nuke. 26.000 euroko inbertsioa da", azaldu zuen Unzetabarrenetxeak.

"Nik ez dut ikusten proiektu estrategikorik jasotzen denik. Ez dugu apustu garbirik ikusten. Ez dugu argi norantz goazen", esan zuen Larreak. "Uste dugu batzordeka lan egin beharko litzatekeela; ikusi ze proiektu dagoen batzorde bakoitzean, eta horren arabera ikusi nola banatu inbertsioetarako dagoen dirua. Horrekin batera, finkatu daiteke urtero inbertsioetarako egongo den diru kopurua? Heldu gaitezke 150.000 eurora? 200.000 eurora? Horrelako konpromisoak finka daitezke eta betetzen saiatu?", galdetu zuen Larreak.

Elkarlanerako deia

Jeltzaleak abstenitu egin ziren udal aurrekontuaren bozketan. "Agintaldi hasiera da, zuen lehen aurrekontua da eta uste dugu merezi duzuela konfiantza-marjina bat. Eta hitza hartzen dizut behin likidazioa zein den dakigunean kontuan hartuko dituzuela guk egindako inbertsio proposamenak".

Jeltzaleek hainbat proposamen egin zituzten: irisgarritasun plana eguneratzea –5.000 euro–, kalean informazio pantaila jartzea –8.000 euro–, herriko ekonomia jarduerari buruzko azterketa sozioekonomikoa egitea –7.000 euro–, hondakinen bilketarekin lotutako sentsibilizazio kanpaina egitea –1.500 euro–, euskararen erabilera handitzeko plana egitea –2.500 euro–, parkeetan hobekuntzak egitea –2.000 euro– eta anbulatorioko arkupean eserlekua jartzea –500 euro–.

Argia izan zen, zentzu honetan, alkatearen erantzuna. "Zuen proposamenak oso ondo ikusten ditugu. Eskertzen dizuet oraingoa, baina eskertuko nuke gehiago halakoak batzordeetan egingo bazenituzte. Etorri batzordeetara eta egin proposamenak. Gaur arte ez dugu proposamen hauen berri izan, eta agintaldi hasieratik dakizue elkarlanerako prest gaudela", erantzun zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak