ALBISTEAK

Kokoak prest Aratusteei ongietorria egiteko bihar

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko ots. 2a, 09:00

Goizeko bederatzietan Hartzari harrera eginda abiatuko da koko-batzea, hirugarren urtez. 50 lagun inguruko konpartsak hainbat auzotako baserrietara eramango du festa giroa, eta arratsaldeko sei eta erdietan azken dantza izango da, plazan

Aratusteak ate-joka daude, eta koko-batzearen txanda izango da bihar herriko baserrietan zehar. Goizeko bederatzietan plaza barrenean egingo diote harrera protagonista nagusiari: Hartzari, hain zuzen. Ondoren ekingo diote harekin batera koko-batzeari, baserriz baserri. "Goizeko bederatzietan prest egongo gara, eta Hartzari ongietorria egin ostean abiatuko gara koko-batzea egitera", dio Ainara Iribarrek, Goibeko Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak.

Koko-batzearen hirugarren aldi honetan, Goimendi, Egoetxeaga Zeharra eta Arantzeta Zeharra auzoetako baserrietan izango dira kokoak goizean. Gainera, Arantzeta Zeharran, mokadutxo batekin gozatzeko aukera izango dute San Blas ermitan. Arratsaldean, berriz, Larragibel Zeharra eta Uriburualdea auzoetako baserrietan egingo dute dantzan eta kantuan.

Baserrietara bisita

Momorroak helduko dira lehenik baserrira, diosala egin eta proposamena onartzeagatik eskerrak ematera. "Otsail hasieran izan ginen baserritarrekin, jakiteko ea ondo iruditzen zitzaien koko-batzean parte hartzea. Lehenengo aldia zen belaunaldi honentzat, eta hobetsi dugu pertsonalki egotea banan-banan", dio Iribarrek. Behin baserrira iritsita, hasierako kopla abestuko dute, eta, ondoren, dantzaren txanda izango da. Hori eginda, baserritarren eskaintza jasoko dute, eta, ondoren, agur-kopla abestuko dute, kalejiran hurrengo baserrira abiatu aurretik.

Arratsaldean, plazan

Goizeko koko-batzea amaitu, aperitif-ean indarrak hartu eta arratsaldeko saioa egin eta gero, Ustekabe txaranga lagun dutela iritsiko dira herriko plazara kokoak, Hartza eta bestelako pertsonaiak. Azken kopla eta dantzen txanda izango da orduan, eta, amaitu bezain pronto, Ustekabe txarangak girotuko du hirugarren urtez egingo den koko-batzea.

Etxeko txikienak erakusketan

Aste barruan herri eskolako hainbat talde zeramika gelan dagoen erakusketa ikusten izan dira. Hartza, sasi-kartia, burburixuak, masustak, gorrixak... Konpartsako pertsonaien izenak eta koko-batzearen esanahia ezagutzen izan dira. Etorkizuneko kokoak dira, eta Goibeko Euskaltzaleen Topagunetik garrantzi handia ematen diote transmisioari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak