Aldundiak urte bukaerarako amaitu nahi ditu Elgeta eta Kanpanzar arteko errepideko lanak

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko aza. 10a, 11:00

Urriaren 23an hasi ziren lanak GI-2639 errepidean. Bidea zabaltzea, ikuspen gutxiko hainbat bihurgunetan ikusmena handitzea eta bide-segurtasunean hobetzea dira helburu. Hiru hilabeteko iraupena aurreikusten da.

Badira hiru aste lanak martxan direla. Kanpanzar eta Elgeta arteko GI-2639 errepideko erabiltzaileek ondo dakiten moduan beharginak aldi berean ari dira lanean hainbat puntutan eta horrek errei bateko mozketa dakar. Hala, lanegunetan puntuetako batean aldizkako zirkulazioa bideratzeko semaforo bat dago jarrita, eta beste puntu batean seinale bidez erregulatzen da txandakako pasoa.

Foru Aldundiak 2022ko uztailean eman zuen lanok egiteko proiektuaren berri eta 2023ko maiatzerako iragarri zuen obren hasiera. Arrazoi ezberdinak tarteko, ordea, urriaren 23an hasi da lur mugimendua. Proiektuak, dena den, bere horretan jarraitzen du. Aurrekontua 378.539,81 eurokoa da eta, eguraldiak ahalbidetzen badu, hiru hilabeteko epean gauzatuko da.

Bide-segurtasuna lehentasun

Mendiko errepidea da Elgeta eta Kanpanzar lotzen dituen GI-2639, baina ibilgailu astunen joan-etorria handia da, eta horrek hainbat egoera arriskutsu eta kexa eragin ditu aspaldiko urteetan erabiltzaileen artean.

Errepideak 6,5 kilometro ditu eta bidearen zabalera estua da. Sei metro baino gutxiagoko zabalera duten bihurguneak daude, gehienetan ez dago bazter-biderik, eta hainbat puntutan arazoak sortzen dira bi ibilgailu gurutzatzerakoan; bietako bat ibilgailu astuna denean, batez ere. Elgetako Udalak ere behin baino gehiagotan eskatu du irtenbide bat errepide horrendako.

Aldundiak emandako datuen arabera, 800 ibilgailuk erabiltzen dute GI-2639 errepidea egunero, eta horietatik %15 ibilgailu astunak dira. "Batez ere bihurguneak leundu eta errepidea zabaltzeko lanak egingo ditugu", azaldu du Bide Azpiegituretako diputatu Maria Ubarretxenak. "Batez ere bide-segurtasunean eta erosotasunean eragin nahi dugu. Espero dugu, lanak egin ostean, bai elgetarrek bai errepide horretako gainerako erabiltzaileek sumatzea onura. Durangaldeako jende ugari ibiltzen da errepide horretan, eta, nola ez, Elgetako industrialderako joan-etorriak egiten dituzten ibilgailuak ere bai".

Aldundiak 2022an egindako azterketa batean errepideak dituen puntu kritikoenak identifikatu ziren, eta bi hobekuntza mota egitea aurreikusten da. "Sei metroko plataforma lortzeko jardunak egingo dira; kasu batzuetan mendiari hartuko zaio espazioa, eta beste batzuetan betelanak egingo dira zabalera handitzeko. Aurreikusita dago, baita ere, bide bazterrean dauden euste elementuak atzeratzea, errepideari zabalera handiagoa emateko".

Lanak zatika

Bihurguneetan sei metroko zabalerako plataforma lortu nahi du Bide Azpiegituretako Departamentuak, eta lanak zatika egingo dira. "Beheko aldean hasi gara, eta bi bihurgune dagoeneko eginak daude", azaldu du Ubarretxenak. "Halakoetan, erreietako bat itxita egongo da lanak martxan diren bitartean, lanegunetan. Aldizkako zirkulazioa egongo da puntu horietan, baina printzipioz ez dugu zirkulazioan afekzio larregirik eragingo denik aurreikusten".

GI-2639 errepideak duen beste puntu gatazkatsu bat Kanpanzarko bidegurutzea da. Bi diputazioak lanean dira bidegurutzeari ikusgaitasun handiagoa emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak