Urteko energia kontsumoaren %40 inguru etxea berotzeko erabiltzen dugu

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko urr. 27a, 08:32

Pello Insausti hitz egiten, eguaztenean, Elgetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Energia argitu programaren eskutik energia aurrezteko formakuntza egin zuten eguaztenean, Elgetan. Bederatzi herritar bertaratu ziren. Enerdom aholkularitza enpresako Pello Insaustiren argibideak entzun zituzten.

"Energia aurrezten hasteko, lehenengo eta behin jakin behar dugu zenbat kontsumitzen dugun eta zertan kontsumitzen dugun. Horretarako, fakturak begiratu behar dira", esan zuen Insaustik. Kopuru borobil batzuk ere eman zituen erreferentzia gisa; gure inguru honetan eta etxebizitza estandar batean, batez beste, 9.000 kWh inguru kontsumitzen dira urtean; 6000 kWh gas, eta 3000 kWh argindar. Gas kontsumoaren %40 etxea berotzeko izaten da, eta %24 ura berotzeko. "Beraz, lauzpabost bat hilabeteko tartean, urteko kontsumoaren %40 joaten zaigu. Interesgarria izan daiteke aurrezten hasteko hor eragiten hastea".

Negura begirako gomendioak

Energia aurrezteko askotariko neurriak har daitezke, baina, negu atarian egonda eta batez besteko kontsumoa zein den ikusita, berogailu sistemen kontrol neurrietan eta isolamendu aukeretan egin zuen azpimarra. "Neguan, egunez, 19-21 gradu arteko tenperatura gomendatzen da; eta gauez, 15-17 gradu artekoa. Gradu bateko aldeak kontsumoaren %8 suposa dezake", ohartarazi zuen.

Leihoen eta hormen isolamendua zaintzeko, pertsianen kutxak ondo isolatzeko, ateen ihesbideak saihesteko eta galdaren eraginkortasun neurriak aztertzeko gomendatu zuen. Horrekin batera, tenperatura eskaera wifi bidezko krono-termostato bidez kontrolatzeko aukeren inguruan aritu zen. Kontratatutako tarifak eta potentziak errebisatzeko ere gomendatu zuen.

Ur beroketan ere har daitezke neurriak. "Gradu bateko gorabeheran aurrezpen handia egon daiteke, eta ur beroa hotzarekin nahasteko erabiltzea ez da eraginkorra", esan zuen. Salbuespenak salbuespen, etxea berotzeko nahikoa izan daitezke 45 gradu.

Gomendio hauek eta beste hainbat jasota daude Energia Argitu web atariko Gidak atalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak