Gaia potoloa izan arren, gurasoei formatzeko gomendatzen diezu.
Erabiltzen dakizkigun tresnekin eroso sentitzen gara, eta badakigu erakusten nola erabili. Labana bat, adibidez. Internetekin gauza bera gertatzen da. Informatu eta formatu egin behar gara seme-alabei ondo erakusteko zer egin daitekeen, zein unetan, noiz arte beharko duten gure laguntza...
Zenbateraino konturatzen gara zenbat dagoen jokoan?
Sekulako informazio pila dugu Interneten eta operazio asko egiten ditugu online –bankukoak, erosketak...–. Uste dut askotan ez garela konturatzen zenbaterainoko mina egin ahal diguten modu batean zein bestean norbaitek gure gailuetara sartzea lortzen baldin badu. Eta sartzeko bide batzuk, zoritxarrez, nahiko errazak dira.
Pilota oso potoloa da ardura guztia familien gain jartzeko. Erantzuna ez litzateke gizarte mailakoa izan beharko gehiago?
Digitalizazio prozesua oso azkarra izan da. Pandemiak, gainera, areagotu egin du hori. Uste dut beharrezko formakuntza gabe harrapatu gaituela zentzu askotan. Jende asko dago ez dakiena pasahitzak modu egoki batean kudeatzen, edo ez dituena ordenagailuaren eta mugikorraren eguneraketak egiten. Aldiz, ez zaio inori bururatzen automobileko gurpilak ez aldatzea. Hori guztia jakintza faltagatik da. Eskoletan, gaur egun, erakusten dira gauza batzuk, baina orokorrean eta gizarte mailan oinarrizko formakuntza gabezia handia dagoela uste dut.
Gehiegizko erabilerarekin edo mendekotasunarekin ere badaude arazoak, ezta?
Bai. Ez dakit Interneten bizitza paralelo bat sor daitekeen, baina egia da eskaintzen dizkigula gauza batzuk bizitza errealak eskaintzen ez dizkigunak, eta gerta daiteke hor nolabait kateatuta gelditzea. Zenbateraino? Ba, gizartetik baztertzeraino edo bizitza paralelo horretan bakarrik geratzeraino. Okerrena da batzuek egoera hori normaltzat hartzen dutela; bizitza errealean ez egoteraino.
Heziketa digitalaren inguruan dagoen kezkaren bueltan herrian sortu den lantaldea edo dinamika zer iruditzen zaizu? Ekimen interesgarria iruditzen zaizu?
Zalantzarik gabe. Lankideen artean ere komentatu izan dugun kontu bat da, ikusten ari garelako poliki-poliki halako hainbat dinamika aktibatzen ari direla zenbait herritan. Aipatutako formakuntza gabezia horri erantzun bat ematera dator, eta balio dezake jendeak kontzientzia hartzeko egon daitezkeen arriskuen aurrean –gure seme-alabendako zein guretzako– beti izango da aberasgarria. Hau, dena den, iraupen luzeko lasterketa bat da. Ez da saio batekin konpontzen. Teknologia geratzeko etorri da, eta harrapatu gaitu egitura egokirik gabe. Noiz eman diezaiokegu mugikorra ume bati? Noiz utzi behar ditugu beraien kabuz libreki Interneten? Autoa, esaterako, ezin da 18 urtera arte gidatu. Kasu honetan, ez dago horrelakorik, eta halako dinamikek lagun dezakete hausnarketak plazaratzen eta partekatzen.