Elgetako udalbatzak uztailaren 4ko osoko bilkuran onartu zuen agintaldiko batzordeen antolaketa eta ardura karguen banaketa. Eskaintza jaso arren jeltzaleek uko egin zioten batzorde banaketa horretan ardurarik hartzeari, baina zabalik utzi zuten aurrerago gobernu-taldearekin negoziazio bat zabaltzeko aukera. EAJko ordezkari Iker Lanak jakitera eman duenez jeltzaleak aste honetan jarri dira harremanetan EH Bilduko ordezkariekin "elkarrizketa zintzo bati ekiteko eta akordio garrantzitsuak lortu ahal izateko".
Bi mailako akordio programatikoa
Bi mailako akordio programatikoa lantzea proposatzen du EAJk. Jeltzalearen hitzetan Udalak 2027ra bitartean jarraitu beharko duen bide-orria izango den Gobernu Plana eta "Elgetari egonkortasuna eta etorkizuneko proiektua bat emango dion akordioa".
Akordioaren bi mailak lirateke: "Alde batetik, itun bat EAJ-PNV eta EH Bilduk estrategikotzat jotzen dituzten hiruzpalau proiektuekin; konplexutasun handikoak, beste erakunde batzuen lankidetza eskatzen dutenak, eta epe ertzain eta luzera begirakoak. Bestetik, aurrekontu txikiagoa eta gauzatzeko denbora gutxiago behar duten baina bizilagunen egunerokotasuna hobetzen laguntzen duten proposamen ugari adostea".
Jeltzaleek proposatzen dute hauteskunde-programetan jasotako proposamenen alderaketarekin hastea negoziazioa. "Helburua da batzen gaituen horretan arreta jartzea eta ikuspegi estrategikoa duen proiektu partekatua lantzea, egunerokoan sor daitezkeen desadostasunak albo batera lagata".
Lehen pausoa, batzordeen birmoldaketa
Negoziazio prozesu honen hasierako urratsa batzordeen birmoldaketa izan daitekeela uste dute jeltzaleek. Proposatzen dute egungo hamaika batzordeak zortzira murriztea. Lakak azaldu du aurre-akordio batera heldu direla bi formazio politikoak. "Akordioa laster itxiko delakoan gaude eta oso baikortzat jotzen dugu historikoki eskatu dugun aldarrikapen bat errealitate egingo delako".
Jeltzaleek proposatu dute Kultura eta Euskara batzordea Jaien batzordearekin elkartzea, Ongizatea eta Kirola batzordeak bakarrean elkartzea, eta Baserritarren batzordea eta Ingurumen batzordea bakarra izatea.
Banaketa honakoa izango litzateke.
- Ekonomia, Ogasuna eta Erakunde Gaiak*.
- Obrak, Zerbitzuak eta Hirigintza.
- Ingurumena eta baserritarrak.
- Memoria Historikoa eta Turismoa.
- Berdintasuna.
- Kultura, Euskara eta Jaiak.
- Ongizatea eta kirola.
- Hezkuntza eta Gazteria
*Erakunde Gaiak barne hartuko lituzke langileei buruzko kontuak eta gardentasunari, parte-hartzeari eta irudi eta komunikazio korporatiboari lotutakoak.