Hurrengo lau urteetako funtzionamendua zehazteko bilkura izan da, batez ere, gaurkoa. Agintaldi berrian ere udalbatza bi hilean behin elkartuko da, eta informazio batzorde iraunkorrak hamaika izango dira; aurreko agintaldian baino bat gehiago. Berdintasun batzordea da nobedadea. "Lehen ongizate batzordean lantzen zen gaia eta aurrerantzean bere batzordea izango du. Berdintasuna denon lanketa da, eta uste dugu esku-hartze berezitua merezi duela. Horregatik sortu dugu", azaldu du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak.
EAJko ordezkarien ustez, hamaika batzorde batzorde gehiegi dira. "Eudelek hiru batzorde gomendatzen ditu. Ez dakigu hiru, sei edo zenbat izan behar diren, baina Elgetaren tamaina ikusita uste dugu murriztu daitezkeela", adierazi du EAJko ordezkari Iker Lakak.
Agintaldia aurreratu ahala gaia berraztertzeko konpromisoa hartu du Unzetabarrenetxeak. "Egia da beste herri batzuekin alderatuta batzorde dezente dauzkagula Elgetan. Orain arte horrela funtzionatu izan da, eta esan digute herritarrak gusturago etortzen direla espezifikoak diren batzordeetara. Ikusiko dugu zein maiztasunarekin etortzen diren eta agintaldiak ematen duenaren arabera berrikus daiteke hori aldatzea".
Gauzak horrela aho batez onartu da batzordeen banaketa. Batzordeburuak ere izendatu dituzte. Guztiak daude EH Bilduko ordezkarien ardurapean. Honakoak dira:
- Obrak eta hirigintza: Ibon Unzetabarrenetxea.
- Ogasuna eta pertsonala: Ibon Unzetabarrenetxea.
- Kultura eta euskara: Maialen Arnedo.
- Ongizatea: Saioa Alberdi.
- Berdintasuna: Jone Elkoro.
- Ingurumena: Miren Ibarbia.
- Hezkuntza eta gazteria: Kepa de Vega.
- Kirola: Ibon Unzetabarrenetxea.
- Baserritarrak: Ibon Unzetabarrenetxea.
- Memoria historikoa eta turismoa: Jone Elkoro.
- Jaiak: Ibon Unzetabarrenetxea.
Batzordeak hilean behin egingo dituzte; gehienak hileko hirugarren astean. Jaietakoa da salbuespena; premia dagoenean eta jaien daten arabera deituko dute.
Udal ordezkarien ordainsariak
Bi talde politiko izango dira Elgetan agintaldi berrian ere; EH Bilduk Ibon Unzetabarrenetxea izango du bozeramaile eta EAJk, Iker Laka.
Alkatearen lansariari dagokionez, Ibon Unzetabarrenetxea lanaldi erdira egongo da eta 19.235,02 euroko soldata gordina izango du hamalau ordainketatan banatuta.
Bigarren liberatu bat ere izango da agintaldi honetan. Maialen Arnedok lan jardun baten herena eskainiko dio Elgetako Udalari eta urtean 12.822,04 euroko soldata gordina jasoko du.
Aurreko agintaldi hasieran alkatearendako onartutako urteko soldata gordina 35.224 eurokoa izan zen.
Gainerakoan, talde politiko bakoitzak 20 euroko ordainketa finkoa jasoko du hilero, eta, horrekin batera, 15 euro hilean zinegotziko. Zinegotzien dietei dagokienez, parte hartu izandako udalbatza bakoitzeko 25 euro jasoko ditu hautetsi bakoitzak, eta batzordeburu direnek beste 35 euro hileko. Alkatea salbuespena da kasu honetan. Ez du osoko bilkuretan parte hartzeagatik dietarik jasoko, ez eta batzordeburu izateagatik ere. Aurreko agintaldian ere horrela zen eta ordainsariak berdinak ziren.
Ordainsarien atala ere aho batez onartu du gaur udalbatzak.
Ordezkaritza kanpoko erakundeetan
Elgetako Udalak kanpoko erakundeetan izango dituen ordezkariak ere izendatu ditu udalbatzak. Ibon Unzetabarrenetxea izango da Elgetako ordezkaria Debagoieneko Mankomunitatean, Suradesan, Gipuzkoako Ur Kontsortzioan, Deba Garaia Landa Garapena elkartean, Zubillaga hiltegi elkartean eta EUDELen. UEMAn Ibon Unzetabarrenetxea eta Maialen Arnedo izango dira ordezkariak, Herri Eskolako kontseiluan Kepa de Vega, eta Bideberri Mankomunitatean Ibon Unzetabarrenetxea, Saioa Alberdi eta Mikel Larrea.
Hurrengo batzordeak
Udalbatza hil amaieran elkartuko da berriz; izan ere, uztailaren 26rako deituko dute hurrengo osoko bilkura. 19:00etan izango da, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
Aurretik, jaien balorazioa egiteko Jai batzordea deituko dute. Hilaren 13rako, eguena, iragarri du Unzetabarrenetxeak. 18:30ean hasiko da udaletxean.