Herriaren iragana ulertzen laguntzen duten argazki eta agiri berriak

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko eka. 16a, 11:41

Fernando Larrañaga, Txema Barrutia eta Manolo Cainzos, gaur zabaldutako erakusketan.

Udal Artxiboko boluntarioek argazki erakusketa, hiru argitalpen berri eta zortzi historia-panel ondu dituzte. Gaur jarri dituzte ikusgai, kultura etxeko erakusketa gelan. Lan kolektiboa da; izan ere, hainbat herritarren parte hartzearekin egin dute.

Manolo Cainzos, Txema Barrutia eta Fernando Larrañaga martitzen eta eguen oro elkartzen dira Elgetako Udal Artxiboan. Udaletxeko goiko solairuan dago artxiboa, eta urteetan pilatutako dokumentuak gainbegiratzen, kontserbaziorako txukuntzen eta sailkatzen ematen dute denbora.

Esan gabe doa askotariko akta-agiriak, txostenak eta liburuak daudela gordeta, eta horien artean, baita ere, argazkiak, mapak eta interes bereziko erroldak. "Udal artxibo bat beti da aztarna historikoa, eta udalerri txiki gehienek ez dute ondare hori zaintzeko aukera ekonomikorik", azaldu dute azken zortzi urteotan ahalegin horretan lan boluntarioa egiten diharduten hiru lagunek.

Zaintzeaz gainera, ordea, bizia ere eman nahi diote Udal Artxiboari, eta ahalegin berezia egiten ari dira ondare hori herritarrengana ere gerturatzeko. Testuinguru horretan prestatu zuten abenduan hain harrera beroa izan zuen argazki erakusketa. Digitalizazio lanetan ere ahalegin handia egin dute, Udalaren babesarekin.

Nazionalen 1937ko errolda

Oraingo honetan, Elgetako baserriak (80), ermitak (9) eta errotak (12) dira ardatza, eta artxiboan agertutako 1937ko agiri bat. "Nazionalek egindako errolda bat da. Etxez etxe eta baserriz baserri ibili ziren eta idatziz jaso zuten etxe bakoitzean nor bizi zen eta ze abere zegoen", esan du Larrañagak.

Erakusketarako prestatu dute informazio hori, eta txukun jaso dute informazio-paneletan. Etxe edo baserri bakoitzak bere argazkia du, eta izen-abizenekin agertzen da nortzuk bizi ziren bertan nazionalak pasa zirenean. Deigarria da etxekoen adina ere jasota dagoela, eta, baita inor desagertuta edo preso bazegoen haren inguruko informazioa ere. "Abereen errolda ere kuriosoa da; etxe bakoitzean zer zeukaten eta gorriek zer eraman zieten jasota dago". Abere horiek ordainduta edo ordaindu gabe eraman zituzten ere ageri da.

Bi liburuxka eta ipuin bat

Erakusketarekin batera bi liburuxkaren eta ipuin baten aurkezpena egin dute Elgetan; Elgetako errotak, Ermitak Elgetan eta Elgetako Haizea dira. Jendaurrean daude dagoeneko formatu digitalean, elgeta.eus udal webguneko Historia atalean. Formatu fisikoko argitalpenak atzo jaso zituzten inprimategitik.

 

Erroten liburuxka 34 orriko inbentario txiki bat da. Hamaika ur-errotaren eta elektrizitatez elikatutako beste baten fitxak jasotzen ditu. Bakarra dago zutik, Lagun-artea errota. Gainerakoak irudikatzeko lan ederra egin du Maddi Etxaniz elgetarrak marrazkiak egiten. Agertzen diren errotak dira: Aixolako Felizena, Txakilikua, Errota Azpikua, Olakua, Naparkua, Iburutz Azpikua, Iburutz Goikoa, Baltzola eta Beko Errota jasotzen ditu, eta horrekin batera Arantzeta auzoko Zorondo, Uriarte auzoko Lagun artea eta Maala kaleko Aurten. Anizeto Arizmendiarrietaren, Juan Jesus Unzetabarrenetxearen eta Jose Mari Zubierrementeriaren laguntza ezinbestekoa izan da liburuxka egiteko.

 

Ermiten gaineko liburuxkan bederatzi agertzen dira. 24 orriko liburuxkak Elgetan dauden bederatzi ermiten berri ematen du eta azken atalean ermita horiek bisitatzeko ibilbide proposamen bat jasotzen du. Ermitak dira: San Roke, Santiago, San Blas, San Martin Ipiztikua, San Adrian, Uriarteko Andra Mari, Maala, Asentzio eta Salbador. Bakoitzak bere fitxa du. Artxiboan aurkitutako informazioa jasotzen da bertan. Esaterako, sorrera aztarnak edo berritze lanak. Bakoitzeko bizpahiru argazki ere agertzen dira. "Gure iraganaren kultura aztarnak dira, eta sakabanatutako baserrietako familien bilgune ziren".

 

Manolo Cainzosek idatzitako Elgetako Haizea ipuina da hirugarren nobedadea. Izar HanXue Irazabalek ilustratua, ipuin horren xedea da Elgetaren historia gaztetxoei gerturatzea. 10 urteko neskatila bat –Haizea– du protagonista eta lagun egiten du mendeetan zehar Elgeta inguruan jo duen haizea. Hark azalduta jasotzen du Haizeak herriaren iraganaren berri. Uriarteko herrixka, Andra Mari baseliza, Jalotzako dorretxeko jauntxoa, Elgetako hiribildua... Erdi Arora arteko urteak azaltzen ditu modu ulerkor eta pedagogikoan. 

Argitalpen berrien lanketan garrantzitsuak izan dira Udal Artxiboko lantaldeko kideek aurretik egindako liburuak, hala nola Elgeta, lehen eta orain, Elgetarrak historian eta Elgetako sustraiak. Guztiak daude deskargatzeko moduan udal webguneko Historia atalean.

Historia-panelen proiektua

Erakusketa gelan ikusgai dagoen materialaren artean daude historia-panelen proiekturako egindako zortzi bozetoak. "Elgetako historiari buruzko zortzi panel egitea da asmoa, eta prestatu ditugu aire zabaleko erakusketa iraunkorra jartzeko ideiarekin", azaldu dute Udal Artxiboko lantaldetik. "Asmoa da elizako arkupean jartzea zortzi panelak, bisitatzen gaituztenek eta gure herriaren historiari buruz gehiago jakin nahi dutenek ikus ditzaten. Aire zabaleko museo bat litzateke".
 

Zortzi panel horien izenburuak dira: Erdi aroko hiribildua, Elgetako jauna Jalotzan, Hondamendiak, epidemiak eta goseteak Elgetan, Eliza nagusia, Gatazka belikoak Elgetan, Elgetako baserriak, Elgetako ermitak eta XX. mendeko gertaerak. Panelak osatzeko eta hobetzeko herritarren ekarpenak jaso gura dituzte.

Eskaera herritarrei

Aurretik egindako erakusketaren arrakasta ikusirik, etorkizunean ere halako ekimenak antolatzen jarraitzea da Udal Artxiboko lantaldearen asmoa. "Eskatzen dizuegu etxean dituzuen argazki zaharrak uzteko. Eskaneatu eta, gehienez, astebeteko epean itzuliko ditugu", ziurtatu dute. Argazkiak udaletxean jasoko dituzte. "Jarduera honekin jarraitzea merezi duela uste dugu, Elgetako historia hurbila bizirik mantentzeko modu polita baita".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak