Larrañagak adierazi du Gipuzkoan eredu garrantzitsua dela Elcoro enpresa eta horregatik egin dutela bisita. "Lurralde industriala da gurea eta ekonomia indartsu bat edukitzeak garrantzi handia du etorkizunean ere ongizateari eusteko. Gainera, daukagun aberastasuna da Gipuzkoako bailara ezberdinetan daukagula industria hori, hau da, ez dago hirigune baten baitan bilduta. Hemen Elgetan ere 40 enpresa eta 600 bat langile ditugu eta hori, zalantza barik, aberastasuna sortzea da".
Aintzane Oiarbidek, bestalde, Elgetak duen industria indartsua ikusita, konpromisoa hartu du irisgarritasuna hobetzeko, lurralde osoan egin moduan. "Dagoeneko lizitatuta dago eta aurten hasiko dituzte Kanpanzar eta Elgeta arteko errepidea zabaltzeko lanak. Aurrerapauso garrantzitsua izango da elgetarrentzat, segurtasunean irabaziko duelako zati horrek".
Era berean, industriarentzat ere "urrats inportantea" izango dela dio. "Izan ere, Elgetatik kamioi asko pasatzen dira, gehienbat Bergara eta Elgeta lotzen dituen errepidetik, baina baita Kanpanzarreko bidetik ere".
Halaber, salatu du Elgetako Udalak ez duela harremanik udalerriko enpresekin eta Iker Laka Elgetako alkategaiak ere bat egin du horrekin, funtsezkotzat joz enpresekin harremana berrartzea. "Elgetak, herri txiki bat izan arren, ehun ekonomiko handia dauka eta zaindu egin behar dugu. Azken batean, herri aberastasuna sortzen duelako horrek, herritarrei beharrezko zerbitzu eta azpiegiturak eskaintzeko".
Hori dela eta, hamar konpromiso hartu dituzte jeltzaleek haien programan, hiru lehentasun oinarri hartuta: pertsonen ongizatea, lehen sektorea eta industria.