Debagoieneko Trikitixa Eguna bihar Elgetan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko mai. 5a, 16:12

Elgetako Trikitixa Eskolako neska-mutikoak, Adolfo Jainaga irakaslearekin batera.

Gatzagakoak izan ezik, eskualdeko herri guztietako trikitilariak eta pandero-joleak elkartuko dira aurten Elgetako eskolak antolatu duen egun osoko jaian parte hartzeko, baita Soraluzeko, Bermeoko eta Legutioko trikiti eskoletako ikasleak ere.

Jaialdi ibiltaria da; iaz, Eskoriatzan egin zuten, eta Elgetako Trikitixa Eskolak hartu du hamazortzigarren aldia antolatzeko lekukoa. Jaialdiak, batez ere, bi funtzio betetzen dituela adierazi du Elgetako Trikitixa Eskolako irakasle Adolfo Jainagak: "Gure ikasleek ikasgeletan ikasitakoa kaleratzeko modu bat da, eta, era berean, oso baliagarria eskolen artean lan egiteko moduak eta teknikak elkar trukatzeko. Debagoieneko irakasleok eskualdetik kanpoko eskoletan ere jarduten dugu, eta, Soraluzeko, Bermeoko eta Legutioko ikasleek ere jaian parte hartzeko gogoa adierazi dutenez, bada, pozik gonbidatu ditugu biharko jaialdira; izan ere, deialdi zabala da, eta ez bakarrik ikasleentzako, trikitizale askok ere eskatzen digute-eta jaialdian gurekin bat egitea".

Trikitia eta panderoa, bogan

30 urtetik gorako eskarmentua du Jainagak trikitia irakasten; gaur egun, Elgetan eta Eskoriatzan ematen ditu eskolak, eta Debagoieneko eskolak osasuntsu daudela dio: "1985 inguruan sekulako loraldia izan zuten trikitiak eta panderoak Euskal Herri osoan, eta beldur ginen garai hartara mugatuko ote zen, baina, gaur egun dauden eskola mordoak ikusita, argi dago bolada onak irauten duela. Debagoienean, Leintz Gatzagan izan ezik, herri guztietan daude gaur egun trikiti eskolak. Eskolak ematen hasi nintzenetik hona, irakasteko metodologiari begiratuta asko aldatu da; gaur egun, solfeoa erabiltzen da, gehienbat, eta ikasleen profilari dagokionez ere aldaketa itzela izan da, emakume musikariek bete egin dute esparrua eta eskola gehienetan emakumeak dira nagusi gaur egun. Gaur egungo ikasleek estimulu eta bestelako aisialdi aukera gehiago dituzte, eta, ondorioz, ordu gutxiago eskaintzen diote trikitia edo panderoa jotzen ikasteari; hala ere, mantendu egin da su hori, eta horren erakusle da irakasleen kopuruak behera egin beharrean gora egin duela".

Iaz Eskoriatzan egin zuten Debagoieneko Trikitixa Eguneko une bat.

Egun osoko jaialdia

Eguna hasteko, eskola bakoitzak bere aldetik kalejira egingo du, 12:00etan hasita, eta, 13:00etan Mendizaleen plazan batuko dira. "Eskola bakoitzak hiruzpalau pieza joko ditu eta datorren urtekoa antolatzeko lekukoa jasoko du eskualdeko eskola batek ekitaldi horretan. 375 lagun –joleak eta haien senitartekoak eta lagunak– elkartuko gara bazkaltzeko ondoren, iaz baino 100 lagun baino gehiago. Arratsaldean kalejira erraldoia egingo dugu, dantzari batek gidatutako erromeria segidan, Ttipika taldearekin, eta tabernaz taberna jotzen ibiliko gara jaialdia borobiltzeko".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak