Gaia mahai-gainean jarri eta hausnarketarako tartea zabaltzea da helburua. "Guraso batek, guraso elkartearen bidez, eskolako BAT taldean azaldu zituen gaiaren inguruko ardura eta iniziatiba lantzeko proposamena", azaldu du liburutegiko Geaxi Ezpeletak. Aintzat hartu eta guraso elkartearen, eskolaren eta liburutegiaren ekimenez heziketa digitalaren inguruko hitzaldi bat eta gogoeta saio irekia antolatu dituzte, lehenengo eta behin. "Momentuz, gurasoengan jarri da arreta. Hitzaldia gaia plazaratzen hasteko lehen urratsa izan da. Hilaren 17ko bilera irekian, berriz, guraso guztiei dei egiten zaie gaiaren inguruko zalantzak, ardurak eta informazioa trukatzeko. Bilera horretatik ondorioztatzen denak finkatuko du aurrerantzean egin daitezkeen urratsen norabidea".
Informazio bilera
Elgetako KZguneko arduradun Eneritz Orobengoak egin zuen hitzaldia eguaztenean, hamar bat gurasoren aurrean. "Smartphoneak funtsezko tresna dira nerabeen arteko komunikazioan. Gazteak, gaur egun, eskuko telefonoaren bitartez geratzen dira. Eskolako lanak, askotan, etxetik eta lainoan egiten dituzte. Musika ere telefonoan entzuten dute. Neurri handi batean, helduek ere horrela jokatzen dugu. Erabilera asko handitu da; horregatik, komeni da mundu honek nola funtzionatzen duen jakitea, eta egon daitezkeen arriskuei aurre hartzeko horiek ezagutzea", esan zuen.
Orobengoak erabilera datuak eman zituen, eta azaldu zuen umeak gero eta gazteago hasten direla gailu adimentsuak erabiltzen; gehienetan, gainera, helduen aldetik kontrol neurri edo muga handirik gabe. "Internetek alde onak ere baditu –informazio iturri, aisialdirako aukera, lagunekin egoteko...–, baina jakin behar dugu konektatuta gaudenean, neurri batean, mundu errealetik deskonektatuta ere bagaudela, eta mugak jartzea beharrezkoa da. Kontu horretan gurasoak ados egotea ona da", gaineratu zuen.
Heziketa digitalaren premia
Heziketa digitala beharrezkoa dela azpimarratu zuen Orobengoak. "Errepidea nola zeharkatzen den irakasten diegun moduan, irakatsi behar diegu Interneten nola jokatu. Natibo digitalak dira, eta, gehienetan, ez dute beldurrik eta edozein botoi sakatzen dute. Ikasi behar dute zeintzuk diren espazio seguruak, nola jokatu pantailen aurrean, datu pribatuak nola kudeatu behar dituzten... Hor lan garrantzitsua dago".
Alde horretatik, gurasoen zein hezitzaileen heziketa digitalean ere jarri zuen azpimarra, eta umeek eduki desegokietarako sarbidea ez izateko merkatuan dauden hainbat erremintaren berri eman zuen. "Gailuak konfiguratu daitezke –Google Chromek badu aukera hori–, eta oso interesgarriak dira YoutubeKids edo FamilyLink moduko aplikazioak", esan zuen. Desenmascara.me, haveibeenpwned.com eta howsecureismypassword.net erreminten berri ere eman zuen, besteak beste. Webguneak benetakoak diren ziurtatzeko erabiltzen da lehenengoa, posta elektronikoa filtratu ote diguten begiratzeko da bigarrena, eta pasahitzak seguruak diren jakiteko da hirugarrena.
Orobengoak bestelako gaiak ere jorratu zituen hitzaldian. Informazioaren laburpena eskuragarri dago liburutegian. Lanketa abiarazi duten eragileek hilaren 17rako deitu dute hurrengo hitzordua. Gurasoen eta hezitzaileen arteko gogoeta bilera irekia izango da. Zalantzak argitzeko, kezkak elkarbanatzeko eta hausnarketa prozesuak aurrera egin behar duen argitzeko saioa izango da.