Baso Biziak Plataformatik azpimarratu dute baso-kudeaketa irizpide zientifikoetan oinarrituta egin behar dela, ez soilik produktiboetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko api. 22a, 17:58

Baso Biziak Plataformako kideek agerraldia egin dute gaur Espaloia kafe antzokian. Orain bi urte eratu zuten basogintza eredu berri baten inguruko mozioak udaletan aurkezteko ekimena bultzatuz. Bi urteko ibilbidearen ondoren galdera orain da ea zertan diren mozio horiek. Aurrera begirako proposamenak ere egin dituzte.

Onartutako mozioen bilakaera ezagutzeko Baso Biziak Plataformatik bi galdera bidali dituzte mozioa onartu zuten udaletxeetara: zein atal bete dira eta nola? Eta, zer atal ez dira bete eta arrazoiak?. "Hainbat udaletik ez dugu erantzunik jaso, eta handik eta hemendik kideek emandako datuekin egingo dugu balorazioa", azaldu dute. "Orokorrean onartutako mozioek bete egin dute bere papera, eta onartu ez diren udaletxeetan monolaborantzak aurrera egin du inongo oztoporik gabe, baita eukaliptoak landatuz ere".

 

Baso Biziak Plataformako kideek argi dute: "Paperean jasotako mozioek, beste edozein proiektuk bezala, dena eusten dute, baina bidea egiten hasterakoan hainbat arazorekin topatuko ziren, seguruenik. Hauteskundeak hurbil dauzkagunez baso bizien aldeko dinamiketan sartu diren hainbat herriri gogoratu nahi diegu mozioak osoko bilkuretan onartzeak herritarren aurrean urratsak ematera behartzen dituztela, onartutakoa haizeak eraman ez dezan eta ez dadin itxurakeria berdea bihurtu", esan du plataformako kide Edu Zabalak.

 

Aurrera begirako proposamenak

 

Baso Biziak Plataformatik aurrera begirako proposamenak ere luzatu dituzte. Lurraldea ondasun komun bihurtzeko apustu garbia egin behar dela uste dute, eta dauden monolaborantzak erregulatzea eta murriztea ezinbesteko ikusten dute. Horrekin batera: "Erakunde publikoek sektore honetan legeak egiteko orduan dituzten erantzukizunak ezin dira basogintzako interes pribatuen menpe jarri behar, onura eta funtzio publikoaren menpe baizik (…) Baso-kudeaketa irizpide zientifikoetan oinarrituta egin behar da, eta ez soilik produktiboetan".

 

Basoa antolatzeko hiru maila proposatzen dituzte:

 

  1. Kontserbaziorako basoak bultzatzea –korridore naturalekin, interes ekologikoko berdeguneekin...– eta onura ekositematikoak dakartzatenak –ura, lurra, biodibertsitatea, kultura, aisia...–

  2. Hurbileko baso produktiboak bultzatzea espezie autonomoekin eta landaketa monoespezifiko mugatuekin.

  3. Baso jangarriak bultzatzea –fruta-arbolekin–.

Hemezortzi talde Baso Biziak Plataforman

 

Gaur gaurkoz hemezortzi taldek osatzen dute Baso Biziak Plataforma eta bozeramaileek azaldu dute urteotan bertako zuhaitzen landaketan aritu direla. 2021-2022ko landaketa denboraldian hamazazpi hektareatan hemezortzi espezietako 5800 zuhaitz landatu zituztela eta 2022-2023an 26 hektareatan 22 espezietako 9223 zuhaitz. "Badakigu ez dela bide erraza orain arteko inertziak eta interes forestalistak aldatzea eta baso bizien aldeko dinamikan sartzea, baina naturak berak, aldaketa klimatikoarekin batera gogoeta sakona egiteko atakan jarriko gaitu; irizpide eta teknika zaharkituak mugatuz, baztertuz eta bestelako balio eta onura ekosistemikoak lehenetsita, gizarte osoaren eta bioaniztasunaren mesederako.

 

Herrietan halako taldeak sortzen jarraitzeko deia egin dute, eta plataformako kide diren talde guztiei eskerrak eman dizkiete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak