Larkin Poynton: "Elgeta leku berezia da; indar handia ematen dit"

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko api. 21a, 12:07

Elgetan da egunotan Larkin Poynton Olabarria (Elgeta, 1990). Nazioarte mailan dihardu dantzari eta koreografo lanetan, eta Elgetako lasaitasuna asko estimatzen du atseden hartzeko. Amarekin eta Euskal Herriko lagunekin egoteko egunak dira.

Zenbat denborarako etorri zara?

Hilabete inguru daramat hemen, eta beste aste pare bat egingo ditut. Lana dela-eta alde batetik bestera ibiltzen naiz beti; bira batetik nator eta Taiwanera noa hemendik, Asian beste bira bat egiteko. Denbora dudanean Elgetara etortzen naiz. Hemengo lasaitasuna asko gustatzen zait. Ama eta amaren familia bisitatzera etortzea ere bai.

Saiatzen zara urtero etortzen. Gustuko duzu Elgeta?

Azken lau urteotan pare bat hilabetez egon naiz geldirik, eta atseden hartzeko Elgeta asko gustatzen zait. Izan naiz mundu osoko hiri eta herri askotan, eta esan dezaket Elgeta leku oso berezia dela. Indar handia ematen dit, eta asko betetzen nau. Historia eta istorio asko daude hemen, eta nireak ere badira. Gero, familia dago, euskaraz egiten dut, bista eta txoko zoragarriak daude... Oso inspiratzailea da nire artearendako. Oso gustura egoten naiz.

Nola ikusten duzu herria?

Beti bezain eder, baina pena apur bat ematen dit hainbeste denda itxita ikusteak. Dendak, tabernak... Antzokia ere itxita dago. Egia da mundu osoan gertatzen dela. Ikusten dut Japonian, Txinan, Italian... Dena dago mugikorrean eta gazteek Interneten egiten dituzte erosketak. Poliki-poliki, herri txikiak husten ari dira, eta dena kontzentratzen da hiri handietan. Pena handia da!

Hemen jaiotakoa zara, baina 2 urterekin egin zenuen Coloradora gurasoekin.

Bai, txikitan joan nintzen Coloradora, baina nire pasaportean Elgetakoa naizela jartzen du. Gero, familia handia dut hemen eta kontaktuan jarraitzen dugu. Garrantzitsua da harremanak zaintzea eta familiarekin ondo egotea.

Enpresaritza ikasketak egindakoa zara, baina azkar jakin zenuen gorputzak dantza eskatzen zizula.

Musika izan dugu etxean beti. Amak dantza egiten du eta aitak ere bai, haren erara. Gogoan dut behin Marcel Marceauren ikuskizun bat ikustera joan nintzela aitarekin. Hil aurretik egin zuen azken ikuskizuna izan zen. Liluratuta irten nintzen. Gurasoei esan nien dantza egin nahi nuela. Eta horrela hasi nintzen.

Aitari buruz ere galdetu nahi dizut. Hainbat urtez bizi izan zen Elgetan, eta bada haren ingeleseko eskolekin akordatzen denik.

[Barre] Aita oso ondo dago. Coloradoko Longmont hirian bizi da eta menpekotasunak tratatzeko terapeuta da. Bi master ditu eta bigarren doktoretza egiten ari da. Beti dago gauza berriak ikasten. Jarraitzen du Elgetarekin konexio handia izaten. Chicagotik etorri, eta gaztelera eta euskara ikasi zituen hemen. Elgeta hainbeste maitatzen badut, aitarengatik ere bada.

Oso ondo hitz egiten duzu euskaraz, kanpoan hainbeste denbora egoten zarela kontuan hartuta.

Egia esan, gazteleraz baino hobeto egiten dut euskaraz. Gehienbat, amarekin eta hemengo lagunekin egiten dut. Hizkuntza ez galtzeko, Spotifyn dauden ikastaroak egiten ditut, zesta-punta asko gustatzen zait eta euskaraz ikusten ditut partidak, eta saiatzen naiz euskarazko marrazki bizidunak ikusten. Dena den, nahiko nuke gehiago egin, baina oso zaila da klaseak aurkitzea. Frantsesa, txinera, errusiarra... Hizkuntza horiek ikasteko pila bat aplikazio daude, baina euskara ikasteko ez.

Ze asmo duzu egunotarako?

Buruan dut Elgetan zerbait sortzea. Bost lagun datoz, eta zerbait grabatzen saiatuko gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak