Intxortako gudako 87. urteurrena lelopean hiru ekintza iragarri ditu Elgetako Gazte Asanbladak. Abenduan Donostian estreinatutako Elbira dokumentalaren emanaldia izango da barikuan, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian. Gipuzkoak XX. mendean izandako erreferente eta ikur handienetakoa da Zipitria. Frankismoaren urte gogorrenetan euskararen eta euskal nortasunaren sugarra bizirik mantendu eta belaunaldi berriei transmititzea lortu zuen.
Bisita gidatua eta gazte poteoa
Beste bi ekintzak zapaturako antolatu ditu Gazte Asanbladak. Intxortako lubaki gunea ezagutzeko bisita gidatua abiatuko da 10:00etan plazatik. Amaitutakoan, gazte poteoa egingo dute 13:00etan Haizea tabernatik abiatuta. Ekintza hauek Intxortako frontea jausi izanaren 87. urteurreneko ekitaldien barruan kokatzen dira. Udalak eta Intxorta 1937 kultur elkarteak domeka eguerdian egingo dute ekitaldia Mendizaleen Plazan. Aurten, langile batailoietan eta preso egondako elgetarrak omenduko dituzte.