Argazkiz bete dute zeramika gela, eta bihar zabalduko ditu ateak erakusketak. Gerra aurreko eta osteko 331 argazki dira; gehien-gehienak, zuri-beltzean. Udal Artxibo digitalekoak dira gehienak; Indalecio Ojanguren, Toribio Jauregi eta, batez ere, Joaquin Gastesirenak. "Berezienak orain gutxi kutxa batean agertutakoak dira", azaldu du Fernando Larrañagak. Txartel-tamainako 72 erretratu dira Larrañagak konpondu eta handitu dituenak.
Argitzeko dago zertarako atera ote zituzten. "Hasieran, pentsatu genuen nortasun agiriarendako aterako zituztela, baina 1940koak dira eta garai hartan argazkirik gabekoa zen agiri hori. Gainera, gizonezkoak bakarrik daude. Gero, esan ziguten arma-baimenerako aterako zituztela, baina tartean badaude pertsona batzuk zalantza sortzen dutenak; izan ere, ez dut uste sekula eskopetarik eduki zutenik. Buelta asko eman eta gero, buruan darabilguna da gerra ostean ibiltzeko baimenak (salbo-konduktuak) egiteko argazkiak direla. Gainerakoan, Bat izan ezik, denak daude identifikatuta. Atzean dituzte lapitzaz jasota izen-abizenak, urtea eta baserriaren izena".
Antonio Markiegiren argazkia berezia da. Mandanci irakur daitekeen zigilu-marka dauka. Comandancia hitza izan daiteke. Hortik salbo-konduktoen teoria.
Eskaera elgetarrei
Herriaren memoria eta historia berreskuratzeko ariketa moduan aurkeztu dute erakusketa. Udal Artxiboan argazki asko daude, eta, argazki horietako 250 ere prestatu dituzte erakusketarako. Poliki-poliki, argazki horietan agertzen direnei izena jarri nahi diete. "Joaquin Gastesiren argazki asko daude, baina luze jo du jendea identifikatzeak. Guztiak ez, baina izen asko jarri ditugu eta baliteke okerrak ere egin izana. Elgetarrei eskatzen diegu identifikazio lan horretan laguntzeko", esan du Larrañagak.
Lan horretan jarraitzeko asmoa dute. Martitzenetan eta eguenetan elkartzen dira Udal Artxiboan eta aurrerantzean Larrañaga ere Barrutiarekin eta Cainzosekin batera arituko da. "Badira lau urte elkartzen hasi ginela", dio Barrutiak.
Beste eskaera bat ere luzatu diete herritarrei. "Etxean gordetako argazki zaharrak ekartzeko eskatzen dugu; izan ere, jarraitu nahi dugu bilduma osatzen eta erakusketak egiten. Eskaneatu eta berehala bueltatuko ditugu argazkiak". Aldi berean, inork argazki kopiarik nahiko balu, eskatu daitezkeela esan dute.
Erakusketa hilaren 24ra arte egongo da zabalik aste bukaera egunetan. Zapatuetan eta domeketan 11:00etatik 12:00etara eta eguenean eta barikuan 18:00etatik 20:00etara.
