Elgetako energia komunitatea sortzeko prozesua aurrera doa; bilera garrantzitsua egingo dute asteon

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko abe. 12a, 09:06

Elgetako energia komunitatea sortzeko egindako lehen batzarra.

Aurretik, bost lan bilera egin dituzte hainbat herritarrek Udalaren, Goiener kooperatibaren eta D2030 erakundeen babesarekin. Eguaztenean elkartuko dira berriz, eta parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Urriaren 7an ekin zieten energia komunitatea sortzeko lan bilerei Elgetan. Batzar jendetsua izan zen, eta ordutik beste lau ere egin dituzte. Aztertu eta landu dituzte energia berriztagarrien komunitateen egungo eredua alternatiba gisa, merkatu elektrikoaren funtzionamendua, dauden diru-laguntzak, arlo juridikoa eta administratiboa, beste herri batzuetako esperientziak (Otxandio, Lea Artibai, Hernani, Bergara, Elorrio...). "Batzen gaituzten ideiak eta kezkak lantzearekin hasi genuen bidea, gure helburu bezala definitu genuelarik herrian energia berriztagarri, garbi eta seguruetan oinarritutako proiektuak gauzatuz, emisio kutsakorrak murriztu eta energetikoki burujabea izango den Elgeta bat eraikitzea", azaldu dute. Ordutik, hiru lan talde ere osatu dituzte lanketa egiteko.

Kooperatiba izaera

Kooperatiba izaerako energia komunitatea sortu nahi dute Elgetan. Kooperatibaren lehenengo proiektua frontoiko teilatuan komunitateko kideek "erabiliko" duten instalazio fotoboltaikoa jartzea izango da. "Horrez gain, energiaren inguruan kontzientziazio lanak eta bestelako proiektuak ere jorratuko dira. Elgetako Energia Komunitatea osatzeko bide honetan ekarpena egin eta erabakietan parte hartzeko nahia daukaten herritarrak animatu nahi ditugu gurekin harremanetan jartzera", zehaztu dute.

Eguaztenean, hilak 14, elkartuko dira udaletxean, 18:30ean. Besteak beste, talde juridikoak estatutu proposamena eramango du batzar horretara, eta aldi berean frontoiko proiektuaren bideragarritasun ariketa ezberdinak aztertuko dituzte.

Informazioa eskura

Orain arte egindako lanketaren gaineko informazioa jasota dago udal webgunean eta interesatuendako sortuta dago ebkelgeta izeneko Telegram kanala. Lantaldearekin harremanetan jartzeko, berriz, info@ebkelgeta.eus helbidera idatzi daiteke.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak