Populazioaren bilakaera positiboa izan da hogei urteko epean, Elgetan. Jaiotzen eta heriotzen tasek eragina izan dute horretan, baina baita gogoan izan beharreko beste faktore batzuek ere.
Hain justu, aldi horretan, %15,69koa izan da igoera herrian. 969 biztanle zituen 2001ean, eta hogei urte geroago, 1.121 ziren. Jaiotzek izan zezaketen eragina igoera horretan, ia urte guztietan izan baitira heriotzak baino gehiago, 2001ean, 2007an, 2008an, 2009an, 2014an, 2018an eta 2021an izan ezik.
Dena den, nabarmentzekoa da 2021eko jaiotza tasen datua, soilik lau haur jaio baitira herrian. Hain justu, hogei urteko epean ez da horrelako daturik erregistratu inoiz.
Adinari dagokionez, gora egin du 20 urtez azpikoen biztanle kopuruak herrian, 2001ean baino gehiago baitira egun. 20-59 urte artekoetan, ehunekoetan, behintzat, behera egin du datuak, eta 60 urtetik gorakoei dagokienez, egonkor mantendu da kopurua.
Migrazio gehien jaso duen herrietako bat ere bada bailaran, Leintz Gatzagaren atzetik. Izan ere, ikertutako datuen arabera, batez beste, urtero, ehun pertsonatik 4,6 migratu dutenak dira herrian.
Mugimenduei dagokienez, azken urteetan, behintzat, immigrazio gehiago egon da emigrazioa baino, baina nahiko parekatuak izan dira datuak. Batean edo bestean izan, ordea, batik bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin dira lekualdaketa horiek.