Hirugarren Euskaraldia gaur abiatu da, euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko helburuarekin. Belarriprest-ek eta ahobizi-ek osatzen duten ariketa sozial masiboak hamabost egun iraungo du, abenduaren 2ra arte. Debagoienean ia 9.500 lagunek egin dute bat horrekin.
Zabalik da oraindik ere izena emateko aukera. Online egin daiteke hemen. Elgetari dagokionean liburutegia da txapa banaketa puntua. Ordutegia hemen.
Hamahiru arigune
Euskaraldiaren hirugarren edizio honetan hamahiru arigune izango dira Elgetan.
- EH Bildu Elgeta
- Elgetako Haurreskola
- Elgetako Herri Eskola
- Elgetako liburutegia
- Elgetako Udala
- Elgetan Berbetan
- Faka Faka taldea
- Elkoro botika
- Goibeko Euskaltzaleen Elkartea
- Herrixa dantzan
- Maala guraso elkartea
- Ozkarbi elkartea
- Saioa Masajiak
Umorezko bakarrizketa, domekan
Euskaraldiaren harira antolatutako ekintzen artean da domekan Garazi San Martinek egitekoa duen umorezko bakarrizketa. Aktore eta sortzaile iruindarra 18:30ean izango da Espaloia kafe antzokian. Euskara, Euskaraldia eta antzerako gaiak izango ditu umorea egiteko gai. Udalak antolatutako saioa da. Sarrera doan izango da.
Bertso-bazkaria abenduaren 3an
Bertso-bazkaria ere izango da Elgetan. Abenduaren 3rako iragarri du Udalak, eta jende kopuruaren arabera Bolatokian edo gimnasioan izango da. Miren Amurizak eta Aitor Sarriegik egingo dute bertsotan. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Amaia Agirre arituko da.
Prezioa da 20 euro eta menua da urdaiazpikoa, arrain zopa, okela gisatua eta postrea. Salgai daude txartelak Bolatokian bertan. Azaroaren 30era arte egongo dira salgai.