Ariketa ondo egiteko aholkuak

Xabier Urtzelai 2022ko aza. 18a, 10:00

Euskaraldiaren Arrasateko taldeko koordinatzaile Ikuska Lizarraldek zenbait aholku errepasatu ditu, datozen hamabost egunotako ariketa arrakastatsua izan dadin.

Hastera doa Euskaraldia eta rolak aukeratuta daude. Eta rol bakoitzarendako Euskaralditik kontuan hartzeko moduko zenbait aholku eman dituzte: "Hasteko, lagun artean konturatu naiz oraindik rolak aukeratzeko orduan jendeak zalantzak izan dituela. Euskaraz ondo egiten dutenek ahobizi rola aukeratu dute eta horren ondo moldatzen ez direnek, belarriprest. Eta ez dauka zertan horrela izan. Izan ere, ahobizi izatea aukeratu duten batzuk, akaso, konturatu dira aurreko edizioetan euren jarrera ez dela egokia izan. Eta, euskaraz ondo jakinda ere, belarriprest izatea aukeratu dutenek talde horretakoak indartu ditzakete. Hau da, belarriprest-ekoek hiztun guztiei eurei euskaraz egiteko eskatuko diete eta eurek ere horrela egingo dute nahi bestetan. Hau da, gakoa jokaeran dago, eta ez gaitasunean. Horregatik, rola aukeratzeko orduan nork bere buruarekin egin beharreko hausnarketa garrantzitsua da, eta horretara animatzen dugu jendea", dio Arrasateko taldeko koordinatzaile Ikuska Lizarraldek. "Hau da, belarriprest txapa eramatea aukeratu dutenek adierazten dutena ez da ez dakitela euskaraz berba egiten, baizik eta niri egin euskaraz, hori da adierazten dutena".

Ez aldatu hizkuntzez; eutsi!

Ahobizi rola aukeratu dutenendako lehenengo aholkua da dituzten ohiturak aztertzeko. Aztertzeko norekin eta zertarako erabiltzen duten euskara: "Eta hor, lehenengo berba euskaraz egitea ezinbestekoa da, eta, ondoren, nahiz eta berbalagunak erdaraz erantzun, eutsi diezaiola euskarari. Noski, lagunak ez badu ulertzen, komunikazioa ez badago bermatuta, ezingo du euskaraz berba egiten jarraitu, baina ulertzen badu lasai asko jarrai dezake batek erdaraz eta besteak euskaraz. Hori da, hain zuzen, euskaraz berba egin ez baina ondo ulertzen dutenekin izaten den arazo handiena, erdara gailentzen dela. Gainera, esango nuke harreman handia edo konfiantza maila handia dugun jendearekin ohitura horiek aldatzea gehiago kostatzen dela, gazteleraz egiteko ohitura oso errotuta izaten dugulako. Baina ahobizi aukeratu duenak egin dezala ahalegina! Hor dago gakoa".

Eta saiakera horretan, garrantzitsua da Euskaraldia hasi aurretik ingurua prestatzeko eman duten aholkua: "Alegia, etxekoei, lagunei, lankideei... Ingurukoei azaldu Euskaraldiko ariketa egiteko gertu zaudetela eta asmo hori duzuela. Horrela, inor ez da deseroso sentituko, eta errespetuz hartuko gaituzte". Hain zuzen, Lizarraldek garrantzia eman dio ingurukoei ariketa azaltzeari: "Positiboa da inguruak jakitea zer den egin behar duguna, zer-nolako ariketa den. Batetik, Euskaraldia bera zabaldu egingo dugulako, eta, akaso, inguruko horrek ez du nahiko aurten parte hartu, ez duelako bere burua prestatuta ikusten. Baina, ariketa azalduta, akaso, etorkizunean animatuko da".

Sare sozialen bultzada

Emandakoen gomendioen artean dago Euskaraldia bera janztearena; alegia, hamabost egun hauetan zabalkundea ematearena: "Guk bereziki txapa soinean eramateari ematen diogu garrantzia, baina, hortik harago, badakigu gaur egun sare sozialek zer-nolako garrantzia duten, zer-nolako indarra, eta hor ere Euskaraldia egotea garrantzitsua da. Egunerokoan egiten ditugun gauza asko sare sozialetara igotzen baditugu, zergatik Euskaraldia ez? Baina ez gaitezen txapen argazki politak sarera igotzearekin konformatu. Gure eginbeharrekoak horretara mugatzen baditugu, hor geratzen bagara, ez dugu askorik lortuko. Jantzi ditzagun txapak eta egin dezagun Euskaraldiaren zabalkundea, baina garrantzitsuagoa dena, egin dezagun euskaraz". Eta egun bakoitzean egindakoren gaineko hausnarketa egitea komeni da: "Txapa jarri baina gero ez badugu rolak eskatzen diguna betetzen... Alferrik ari gara".

Zurea da euskararik onena

Euskarak duen erronka handietako bat da lotsarena; euskaraz ondo egiten ez dutenek, edo uste hori dutenek, baztertu egiten dute erabilera, hanka sartuko duten beldur. Alegia, lotsagarri geratzeko beldurragatik: "Horregatik eman diegu belarriprest izatea aukeratu dutenei gomendio hori. Alegia, jakinarazi dezatela euskara jaso nahi dutela eta eurek ere nahi eta ahal beste erabili dezatela. Euren euskara da euskararik onena; egiten dena, azken batean".

Aurreiritziak gainditu

Eta, azkenik, Euskaraldian izango den beste erronka bat izango da aurreiritziak gainditzearena: "Zenbat bider gertatu zaion jendeari leku batera joan eta euskaraz jakingo ez dutelakoan erdaraz berba egiten hasi eta, ondoren, solaskidearen erantzuna euskaraz jasotzea. Bada, hori ekiditea ere bada helburua, eta, horretarako, gure aurreiritziak zelan gainditu aztertu behar dugu; izan ere, aurrez uste duguna baino askoz ere gehiago egin dezakegu euskaraz, eta uste duguna baino askoz ere jende gehiagorekin. Hor ere badugu zer hausnartu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak