Egoarbitzari dagokionez, zer-nolako landaredia aurkitu duzue?
Tontorrari buelta emanez, deigarria da zenbat landaredia mota dauden. Tontorra oso irekia dago orientazio guztietara, eta, haren iparraldeko aldean klima atlantikoko espezie tipikoak ikusten diren bitartean –pagoa kasu–, hego-ekialdeko magalean klima mediterraneoko ohiko espezieak ikusten dira –ipar-ipurua, artea...–. Artadi kantauriarrak habitat tipikoki mediterraneokoak izanik, arraroak dira Gipuzkoako barnealdean. Hemen lurzoruaren ezaugarri eta orientazioagatik agertuko da, ziurrenik. Artadi kantauriarrak Habitat Zuzentarauak babestuta daude, gordetzen duten biodibertsitate oparoagatik.
Jabetza publikoko lur gutxi dago Elgetan. Izan duen garapenean berezitasunik ematen dio horrek Egoarbitzari?
Aurten ezagutu dugu inguru hori; beraz, ezin dut haren bilakaerari buruz hitz egin. Esan dezaket, ordea, koniferoen landaketekin batera biodibertsitatearen kontserbazioaren ikuspegitik garrantzizkoak diren habitatak tartekatzen direla, hala nola esandako artadia, harkaiztietako landaredia, otea nagusitzen den txilardia eta albiztia. Guztiak Habitat Zuzentarauak babestuta daude, eta kontserbatzeko ahaleginak egin behar ditugu, duten balioagatik. Jakin dugu bertan hostogalkorren landaketak egin izan direla. Horrelako ekimenek garrantzi handia dute. Ez soilik ondare naturala laguntzen dutelako, baizik eta gaia gizarteratze aldera ere biak eskutik joatea garrantzitsua delako.
Landare autoktonoen presentzia zenbatekoa da herrian?
Elgetan landaketek %67,64 okupatzen dute. Bertako basoek, %12. Gainerako lurraldea okupatzen dute nekazaritza eta abeltzaintzara bideratutako lurrek, eremu artifizialek, ur-masek... Egoarbitzan landaketak %30 dira; aipatutako artadiak, %8. Horiez gain, albiztiak, txilardia-otadiak eta harkaiztiak daude.
Ze ondorio atera daitezke?
Azterlan hau hasiera puntu bat da. Elgetako landaredira hurbilpen bat egin dugu, momentuz. Honek erakutsi digu landaredi aldetik egoera larria dela Elgetan, baina badagoela nondik tira. Egoarbitzan balio handiko habitat naturalak topatu ditugu, eta gehiago egon daitezke. Aranzadik lanerako iradokizun batzuk luzatu ditu txostenean, baina ondorengo pausoak zehazteke daude oraindik. Edozelan ere, Udalak herriko ondare naturalarekiko kezka agertu du eta horretan lanean hasi da. Ez da gutxi, inondik inora, baina lanean jarraitu behar da zerbait lortu nahi badugu. Udalerri guztiak berdinean hasiko balira, pixkanaka-pixkanaka helburuak lortzen joango ginateke, zalantzarik gabe. Hori bai, hau iraupen luzeko lasterketa bat da, naturaren erritmoa ez da gizakiaren berdina.
Orokorrean hitz eginda, zein baso dira nagusi Elgetan?
Elgetako baso naturalak ia erabat ordezkatuak izan dira. Honek, ezinbestean, bertako fauna eta florari negatiboki eragiten dio, baita lurzoruari ere. Eusko Jaurlaritzak argitaratutako 2021eko baso maparen arabera, Elgetan nagusitzen diren habitatak koniferoen landaketak dira. Udalerri osoaren %67,64 hartzen dute. Horien artean, Pinus radiata edo intsignis pinua da ugariena. Gero, han-hemenka, bertako basoen orban batzuk agertzen dira: hariztiak, pagadiak, haltzadiak eta artadi gazteren bat ere ikusi da.