Haizeteak hainbat adar eta zuhaitz bota ditu, batez ere, atzo

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko urr. 24a, 10:35

Haizea indartsu ibili da azken egunotan. Atzo sumatu ziren ondorio nabarmenenak Elgetan. Eguerdiko haizetea nabaria izan zen, baina 23:30ean oraindik ere errepidera jausitako adar batek arazoak eragin zituen Bergara eta Elgeta arteko GI-2632 errepidean.

Pagatzako estazio meteorologikoak jasotako datuen arabera atzo eguerdian jo zuen haizeak gogorren; 12:00etatik 17.00etara, hain zuzen ere. Haizeterik indartsuenak eguerdi partean izan ziren; haizearen indarra segundoko 18,90 metrokoa izatera heldu baitzen. 

Horren ondorioz, hainbat zabor-edukiontzi mugitu ziren bere lekutik, eta asko izan ziren apurtu ziren zuhaitz enborrak eta adarrak. Horietako batzuek errepidera erori eta arazoak eragin zituzten. Esaterako, Torrezar parean eguerdi partean eroritako adarra edo 23:30ean bueltan Bergaratik Elgetarako GI-2632 errepidean –Dormicoop zenaren parean– jausitako enborra. Pertsianak eta loreontziak ere airean ibili zituen atzo haizeak. Hilerri inguruan eta San Roke osteko berdegunean ere eragin nabarmena izan zuten haize ufadek.

Gaur goizean adarrak eta enborrak erretiratzeko lanetan dihardu Udal Brigadak. Kiroldegiko haur parkean, esaterako, traban dagoen zuhaitz bat erretiratzeko lanetan dihardute. Asentzioko bidegurutzean lubaki gunean ere erorita dago beste enbor bat. Ez du zirkulazioan trabarik eragiten.

Haizeak indarra galduko du

Hego-mendebaldeko haizeak indarra galdu du gaur. Hala ere, Euskalmeten iragarpenaren arabera, oraindik, bolada gogorrekin ibil daiteke eta "enbarazu egin dezake; arratsaldearen erditik aurrera nabarmen ahulduko da". 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak