Fronteko gudariak eta 100 urte bete dituen Emakume Abertzale Batza, gogoan

Maider Arregi 2022ko urr. 9a, 17:13

Iaz eguraldi txarrak ekitaldia zapuztu bazuen ere, aurten eguraldia lagun, giro ederrean egin dute Intxortako Frontearen nondik norakoak jasotzen dituen bisita gidatu antzeztua. Frontearen 86. urteurrenaren baitan egindako lehen ekintza izan da. Gerran hildakoak gogoan izan dituzte; baita ere 100 urte bete dituen EAJren Emakume Abertzale Batza.

Intxortako frontearen 86. urteurrena, bi aurkikuntza garrantzitsurekin heldu da. Hala, gaurko bisita gidatu antzeztuan, La Belga izenez ezagutzen den posizioarekin lotutako idatzizko agiri ofizialak topatu izana askoren ahotan ibili da. Baita ere, beste 12.000 euskaldunen datuak aurkitu izana.

"Neurri batean, bazegoen dokumentatuta belgikarrak egon zirela; baina lehen aldiz dokumentu ofizial baten bitartez belgikar horiek hemen egon zirela erakusten da. Oraindik ez dakigu zenbat izan ziren eta zenbat denboraz egon ziren, ordea", azaldu du Iraitz Lazkanok, Elgetako alkateak. Gaineratu du, horrelako bisita gidatuei esker, memoria historikoaren hedapena zabalagoa dela: "Formatu hau aproposa da beste modu batera heldu ezin daitekeen jendearengana heltzeko. Modu ludikoan eta neurri batean ikusgarriago baten bidez historiara hurbiltzeko modua dela uste dut".

Era berean, Aintzane Oiarbidek, Elgetako Udaleko EAJko bozeramileak , Euskal Herriarendako urteurren garrantzitsua dela nabarmendu du. "86 urte badira hemen gerra izan zela eta inguruan bizi ziren bizilagunak erori ziren. Egun oso esanguratsua eta tristea da, baina indarrez gogoratu behar duguna, urtez urte".

Lore eskaintza Gudari guztiei, errepublikano eta milizianoei, omenaldia egin ez ezik, EAJren Emakume Abertzale Batzak, maiatzean 100 urte bete dituela ere gogoratu dute.

Hala, Salbadorren baselizan eraildako zibilen monolitoaren aurrean lore eskaintza egin die gerra garaian egindako lana balioan jarrita. Emakume hauek gerran izan zuten papera oso garrantzitsua izan zela azpimarratu du Oiarbidek: "Emakume hauek aitzindariak izan ziren. Politika munduan zer esana bazuten, eta baita ere hezkuntzan. Gaur egungo Ikastolak hor sortu ziren; euskarazko irakaskuntzaren hazia erein zuten. Horrez gain, hezkuntzan berdintasuna bultzatu zuten neska-mutilei elkarrekin irakatsiz. Gerra garaian gainera, guda ostean, laguntzea eta erizain lanak egitea tokatu zitzaien eta gizonak frontean zeudela familia guztia euren gain ere hartu zuten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak