Domekan abiatuko dira Intxortako frontearekin lotutako 86. urteurreneko ekitaldiak, eta, bezperetan, aurkikuntza garrantzitsu biren berri eman dute Intxorta 1937 kultur elkarteko kideek. La Belga izenez izendatutako fronteko posizioa ezaguna da; Pablo Beldarrainek idatzitako liburuetan jasota dago belgikar internazionalistak izan zirela frontean, eta urteotan jasotako lekukotzek ere baieztatu egin dute hori. Aldiz, ez da inoiz idatzizko agiri ofizialik aurkitu, eta argitzeke dago nortzuek osatu zuten talde hura.
Intxorta 1937 kultur elkarteko kideek urteak daramate pista berriren bat topatu nahian, eta apirilean Salamancako Artxibo Orokorrera egindako bidaian aurkikuntza handia egin zuten. "Gipuzkoako hornidura-komisario Salvador Secok sinatutako txartel bat da, non zazpi botila koñak esleitzen diren belgikar metrailadoreen sekziorako", azaldu du Intxorta 1937 kultur elkarteko kide Juan Ramon Garaik. "Aurkikuntza oso garrantzitsua da guretzat; izan ere, esku artean dugun idatzizko lehen agiri ofiziala da", azpimarratu du.
Ikerketak aurrera jarraituko du; izan ere, belgikar horiek zenbat ziren, nondik heldu ziren, eta, batez ere, nortzuk ziren argitzea falta da. Gizon-emakumez osatutako taldea zela jasotzen dute lekukotzek. "Garrantzitsua izan da, baita ere, beste 12.000 euskaldunen datuak aurkitu izana. Frantziatik Kataluniara sartu zen jendearen izenak dira, eta Eusko Jaurlaritzak bere datu basean ez dituenak".

Agiriak Euskal Herriratu gabe daude oraindik
Salamancako Artxibo Orokorrean 160 ordu eman ostean egin dute aurkikuntza Intxorta 1937 kultur elkarteko kideek. Lan nekeza da; izan ere, ez dute agiriei argazkirik ateratzen uzten. Eskatu eta bidali arte itxaron behar da, edo bertan kopiatu behar dira. "12.000 euskaldunen datuak jasotzeko, esaterako, pertsona bat kontratatu genuen hilabetez datu horien guztien jasoketa lana egiteko. Aztertu eta datu basean sartuko ditugu. Pena da hainbeste urte pasata lapurtutako dokumentu guztiak Euskal Herrian ez egotea", azaldu du Juan Ramon Garaik.
Memoria jardunaldiak
Martitzenean, urriak 4, bete ziren 86 urte Intxortako frontea ezarri zela. Urtero moduan, Memoria Jardunaldiak prestatu dituzte Elgetako Udalak eta Intxorta 1936 Kultur Elkarteak. Domekako bisita gidatu antzeztuarekin izango dute hasiera. Salbador ermitan hasi eta amaituko da, eta bidean hainbat pertsonaiarekin egingo dute topo bisitariek. Ezinbestekoa da aurrez izena ematea: 943 76 80 22, 943 79 64 63 edo infoturismo@debagoiena.eus.
Bi hitzaldik osatuko dituzte Memoria Jardunaldiak. Eguenean, hilak 13, EHUko irakasle Gurutze Ezkurdi, Begoña Bilbao eta Karmele Perez izango dira udaletxeko areto nagusian. Ehun urte bete dituen Emakume Abertzale Batzari buruz arituko dira, 19:00etan. Hilaren 20an, berriz, Josu Chueca ikertzaileak egingo du hitzaldia Araba sareari buruz. Hitzaldi bietan, frankismoaren aurkako erresistentzian emakumeak subjektu aktibo izan zirela nabarmenduko da.
